Mikel Ibarguren Idazlea
Maitasun taupadak
Poliziaren betebeharra gazte hauek atxilotzea baldin bada, herritarron betebeharra gazte hauek defendatzea da. Zer gutxiago maitasuna gainezka duen herri batentzat
Amorrua oztopoa baino ez da bidean, orain elkarrizketarako irekita egon behar dugu», zioten duela gutxi askatu berri dituzten bi gazte zarauztarrek. Bizi dugun blokeo egoeran herritarren gogo aldartea eszeptizismora lerratzen doala dirudien honetan gazteek Aske Guneko esperientziarekin erakutsi duten tenplea eta sormenerako gaitasuna txalogarria izan dela ez da dudarik. Esperientzia aberasgarri honek sekulako inarrosaldia ekarri dio ez aurrera, ez atzera dagoen prozesuari eta, bidenabar, dena esan dezagun, baita gure bihotz-begietara ere.
Hain zuzen ere, iragan egunotan, desobedientzia zibilaren ariketa praktikoa ikusteko aukera izan dugu. Eta ertzainen ostikaden nahiz indarraren aurrean giza harresi bat baino ez dugu ikusi; aldebakarreko, herritarra, denen artean gorpuztua; etorkizuneko ortzemuga politiko konplikatuan alternatibak eraikitzeaz gain, erresistentzia ere beharrezkoa dela erakutsiz.
Denetariko testigantzak eta iritziak irakurri ditugu, baina Ramon Agirre aktoreak ezin hobeto laburbildu du, nik uste, han bizitakoa: alde batean, maitasuna gainezka, desobedientzia; eta parean, obedientzia itsua.
Sinisten dugun hori baldin bagara, beraz, ez dago etsipenerako tarterik, geure indarretan sinistu beste aukerarik ez baitugu. Denbora aurrera joango den heinean, ibilbidea gordinagoa izango da eta erradikalagoa bihurtuko da. Zailtasunak eta oztopoak ez dira faltako, baina dena errealagoa izango da. Eltzea sutan frogatzen den legez, gure heldutasuna ezinaren goritasunean frogatuko baita; geure mugak, indarrak eta gaitasunak ipini beharko ditugu suaren gainean. Egoera berriak sortzeko ahalmenak biderkatu eta buruz zein bihotzez ekin. Aske Gunean ikasi dugunaren arabera ohartu baikara bihotzak ere badituela bere arrazoiak borroka egiteko. Eta haizu dela.
Alde batean maitasuna eta desobedientzia; bestean amorrua eta obedientzia. Horratx, begien bistan, garai berrietarako paradigma garbia. Indarkeriaren legalitatea desobedientziaren zilegitasunaren aurka. Estatuaren aparatu poliziala herritarren borondatearen aurka. Betiko statu quo-aren nostalgikoak garai berri bat zabaldu nahi dutenen kontra. Indarraren alardea eta elkartasunaren eustorma parez pare. Fundamentalismo juridikoa herri-senaren aurka. Eskuz esku batean, eskuburdinak bestean. Mendeku gosea eta askatasun egarria.
«Jendea oso inplikatua dago, oso haserre; haserre hori nola bideratu jakitea da giltza», esan zuen zazpi hilabeteko haurrarekin kartzelara sartu aitzinetik Nahikari Otaegi gazteak. Epaitegietako erruleta errusiarrak utzi duen beste ondorioetako bat da. Batez ere gazteak zigortzen dituena. Halere, egoera honen aurrean gure akatsik handiena Aske Gunea errazegi idealizatzea litzateke, gero denborarekin ahazten uzteko. Aitzitik, gazteak babestuz eta dinamika herritarra sendotuz, finean, geure mugak neurtuz eta aukerak baliatuz duen zama sinbolikotik harago egiteko parada eskain dezake esperientzia berri honek. Poliziaren betebeharra gazte hauek atxilotzea baldin bada, herritarron betebeharra gazte hauek defendatzea baita.
Zer gutxiago maitasuna gainezka duen herri batentzat.