GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Arrarokeria premia

Masa kontsideratzea iraina da munduan leku bat izateko bere anbizio pertsonalak betetzen lagunduko dion identitate erakargarri erakargarri baten bila bizi den XXI. mendeko klase erdiko europar biztanlearentzat

Bertsolarion artean hain modan dagoen Gestalt terapiaren sortzaile Fritz Perls-ek, gizakiaren zorigaizto kronikoaren arrazoiei buruz hizketan «Ez dago txori izan gura duen jirafarik», edo antzeko zer edo zer bota zuen. Gizakiak, ostera, hegan egitearekin amets egin izan du betidanik. Arraroa, hegorik ez duen ugaztun pisutsu batengan.

Arraroa izatearen aldeko apologia bat irakurri nuen lehengoan. Bizimodua munduaren ikuspegi ezberdin eta pertsonala salduz, edo hori ekoizten dugula sinetsaraziz, aurrera ateratzen dugunon ohiko diskurtsoa. Edo hori baino gehiago, beharrizan existentziala. Originaltasuna aldarrikatzeko modu bat ere bada, bidea batere originala izan ez arren ere. Gehiengoaren gustu, ohitura, zaletasun eta izaeratik kanpo kokatu behar dugu geure burua inor izateko. Sinetsita gaude kontsumo ohiturek ematen digutela nortasuna. Eta bertso saio batera zein mendira joatea aisialdi kontsumo gisara uler litezkeenez, ohitura horiek nortasuna ematen duten etiketa bihurtzen ditugu. Are gehiago ohitura horiei euren sustraitze handiagatik erritu izaera ikusten diegunean, modernismoak derrigortzen gaitu lau haizetara zabaltzera gu ez goazela mezetara. Gaurko mezak gaztetxeetan egiten badira ere.

Masa barruan, inor ezin baita bereizi. Ez dago «Schlinderren Zerrenda»-ko jaka gorridun neskarik, gainerako imajina zuri-beltzengandik nabarmenduz sekuentziari kolorea ematen dionik. Eta ekonomia fakultateetatik karpetak mareatzen ibili garen guztiok ondo dakigunez, gainerakoengandik ezin bazara desberdindu, ze balio du zure ahotsak? Hots, masako beste edozeinek ordezka bazaitzake? Ba gainerako guztien ahotsak duen balio berbera, hau da, gure gaitz guztien iturri legez ulertzen dugun irizpiderik gabeko plastilina moldagarriaren balioa. Masa kontsideratzea iraina da munduan leku bat izateko bere anbizio pertsonalak betetzen lagunduko dion identitate erakargarri baten bila bizi den XXI. mendeko klase erdiko europar biztanlearentzat.

Andrzej Stasiuk nobelagile poloniarrak ondo deskribatzen du gainerakoengandik desberdindu beharra eta gizarte kontsumistaren arteko elikadura: «Teknika ezberdinen bidez gure gorputzak alda genitzake, forma berria emanez. Gauza bera nortasunarekin, inguratzen gaituen jendea eta giroak aldatuz, aisialdi ohiturak berrituz eta eurekin identifikatuz, gure estruktura psikologikoa aldatzeraino. Prozesu hauen motorra den eta komunikabide guztietan, era batera edo bestera, enkriptaturik ageri den `izan zaitez zu' lelopean».

Hori horrela bada, ez al dago masa izan edo kontsumo adierazpenetan oinarritutako nortasun eredu postmodernoen arteko biderik, alternatibarik? Nire ustetan badago. Eta egiten ditugun gauzei eskaintzen diegun denbora, eta ondorioz, sakontasunean datza. Grafikoki azaltzeko, gure lekua aurkitzea ez da ur azalean zehar horizontal bidaiatuz beste inor pausatu ez den zatia topatzea, koltxoneta jartzeko. Gure lekua ur azpian dago. Berezitasuna, nortasuna, sakontasunean datza, ez ohitura berrien kontsumoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo