GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Euskal jokalariak kanpoan

Iker Torre: «Lau hilabetean ez dugu batere kobratu»

Orioko aurrelaria Bigarren B Mailako Noja taldean ari da jokatzen, denboraldiaren hasieratik.

p031_f01.jpg

Jon LEUNDA

Iker Torre oriotarrak lehen urtea du Noja taldean, Bigarren B Mailan. Aurretik Zarautzen, Hernanin, Eldensen, Almansan, Zamoran, Lemonan eta La Rodan aritu zen jokatzen.

«Egiten ari garen denboraldia oso ona da. Hasi aurretik sinatzeko esan baligute, denok sinatuko genukeen. Lehen urtea du taldeak Bigarren B Mailan, eta sailkapeneko erditik gora gaude. Taldea oso denboraldi bikaina ari da egiten», dio aurrelari gipuzkoarrak. Pertsonalki, ordea, gauzak nahi bezain ongi ez doazela onartzen du. «Taldera nahiko berandu iritsi nintzen, eta horrek beti izaten ditu ondorioak. Gero, jokatzen hasi nintzen, baina azkenaldian ez naiz nahi bezainbeste jokatzen ari. Entrenatzaileak bere jokatzeko era dauka, eta hor ni ez naiz gehiegi sartzen. Hala ere, aukera ematen didan minutuetan, ahalik eta ongien egiten saiatzen naiz», dio gipuzkoarrak.

Dena dela, Kantabria aldean gustura dabil. Futbolariek etxetik kilometro askora aritu behar izaten dute askotan, eta aurten, behintzat, etxetik gertu da. «Egia esan Oriotik ordu eta erdira nago, eta hori ederra da. Libre daukadan edozein unetan etor naiteke herrira, eta horrek beti ematen du poztasuna», dio.

Dena dela, aurten Nojan egotea ez da denentzat onegia izan, izan ere, bere emaztea Albacetekoa da, eta orain bera dago etxetik oso aparte. «Hau horrela izaten da. Bera bere etxetik gertu dagoenean, ni aparte nago, edo alderantziz. Dena dela, aurten negu gogorra egin du, eta emazteari hau oso gogorra egin zaio», dio aurrelari gipuzkoarrak. Hori kontuan hartuta, ez da harritzekoa datorren urterako berriro ere alde horretako talderen bati begira egotea. «Ez dakigu Nojan ze gertatuko den. Gutxi falta da denboraldia amaitzeko, eta dena bukatu arte ez digute ezer esango. Dena dela, estatu espainoleko beheko talderen batera joatea litekeena da, emaztea bere familiarengandik gertuago egoteko», dio.

Horretarako, ordea, taldea bilatu behar, eta baldintza onetan dagoena, aspaldian asko eta asko zorretan baitabiltza. «Gaur egun oso kontuz ibili behar da. Bigarren B Mailako talde asko eta asko zorretan daude, eta talde bat topatutakoan, begiratu beharreko zerbait da. Askoz hobea da hilean 1.500 euro seguru ordainduko dizkizun talde batera joatea, eta ez 6.000 eskaini, eta bigarren hilabetean kobratu ezinik ibili behar. Gaur egun gauzak oso ongi begiratu beharra dago», onartzen du.

Izan ere, kobratu gabe geratze horretan, badaki zerbait, aurten bertan ere kobratu gabe baitabiltza. «Azkeneko lau hilabetetan ez dugu kobratu, eta ez dakigu hemendik aurrera ze gertatuko den. Zoritxarrez hau eguneroko ogia bihurtzen ari da talde askotan», salatu du.

Bi jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko, eta gipuzkoarrak garbi dauka zer egin behar duen geratzen diren norgehiagoka hauetan. «Jokatzeko aukera ematen baldin badit entrenatzaileak, saiatu gauzak ahalik eta ongien egiten. Nahiz eta guk ez dugun ezer jokatzen, ez da gauza bera azkeneko jardunaldi hauetan batere jokatu gabe egon, edo jokatu eta golen bat sartu. Datorren urterako taldeak egiten denboraldia amaitu eta berehala hasten dira, eta ongi amaitzeak beti erraztasun gehiago ematen du», dio.

Izan ere, Ikerrek datorren urtean ere talderen bat izatea espero du. «Espero dut datorren urtean ere jokatzen jarraitzea. Oraindik sasoiko nago, eta gutxienez beste bi edo hiru urte jokatzeko moduan egongo naizela uste dut», aitortu du.

«Alaves besteen gainetik dago»

Bigarren A Mailarako igoera fasea laster hasiko da, eta bertan, gutxienez, hiru euskal talde egongo dira. Alaves, Eibar eta Athletic B datorren urtean Bigarren A Mailan aritzeko borroka horretan arituko dira, eta Orioko aurrelariak badauka honi buruz bere iritzia.

«Nik uste dut Alaves besteen gainetik dagoela. Oso talde ona dauka, jokalari oso onekin. Agian ez du ikuskizun handi horietakoa ematen, baina dituen jokalariek edozein unetan erabakitzen dute partida. Goiko mailetan aritutakoak dira asko eta erabakigarriak dira. Bigarren A Mailara igotzeko faboritoetako bat dela uste dut», adierazi du.

Eibarri eta Athletic B taldeari buruz ere hitz onak ditu: «Biek dute talde ona. Eibar asko gustatzen zait. Kopa jokatu eta gero txakalaldi bat izan zuen, baina berriro ere suspertu da, eta indartu da. Haiek ere oso kontuan hartu beharko dira«, dio aurrelari gipuzkoarrak. «Athletic B, aldiz, oso gaztea da. Fisikoki oso talde indartsua da, eta teknikoki ere oso jokalari onak dira. Gazteak dira, eta horrek berak ditu arriskuak, onerako eta txarrerako», esan du Ikerrek. J.L.

etorkizuna

Jokalari gipuzkoarrak ez daki etorkizunak nora eramango duen. Ez daki Kantabria aldean zer gertatuko den, baina estatu espainoleko beheko aldeko taldeei begira dabil.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo