1813ko herritarrak gogoan, Olatu Talkak kulturaz jantziko du Ibaetatik Zubietarainoko errepidea
Maiatzaren 24tik 26ra, Donostia erre zeneko bigarren mendeurrenarekin bat egin eta Ibaetatik Zubietara Ziklobia zabalduko da, Raimundo Sarriegiren omenezko «Errautsak bihotzean» ikuskizunaz gain.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Olatu txiki askoren indarrak batu eta olatu handi baten energia talka lortu nahi da Olatu Talka ekimenarekin. Horrela egin zuten duela berrehun urte; Donostia erre zenean hiritar talde bat Zubietan elkartu eta berreraikitzeari ekin zioten. Energia hori guztia bueltan eraman nahi du orain Olatu Talkak. «Bere burua berreraikitzen jakin zuen hiriaren historia kontatzea garrantzitsua da Olatu Talkarentzat -azaldu zuen atzo Igor Otxoak, Donostia 2016ko zuzendariak-. Herritarren partaidetza da Donostia 2016 egitasmoaren zutabea ere. Funtsezkoa izan zen hiriburutza lortzeko eta horretan ari gara, 2016an partaidetza eta energia horrekin lan egiteko».
Horretarako, aurtengo edizioa osatuko duten 150 ekimenen artean «bi mugarri» garrantzitsu aurkeztu zituzten atzo: Ziklobia eta «Errautsak bihotzean» ikuskizuna. Eta izango denaren aurrerapen txiki gisa, Ibaetako errepidearen zati bat moztu zuten bizikletekin aurkezpena egiteko. 1975ean Kolonbian sortutako ekimena da Ziklobia, espazio publikoaren berrerabilpena du oinarri eta errepideetan jasangarriagoak diren bestelako ibilgailuei ematen die bide. Iaz Urumearen ertzean izandako esperientziaren ondoren, maiatzaren 26an Ibaetatik Zubietaraino doan errepidea moztu egingo da eta 35 kultura ekitaldiz gozatzeko aukera izango da, goizeko hamarretatik arratsaldeko lauretara.
1813ari keinu egingo dion bigarren ekimena «Errautsak bihotzean» ikuskizuna izango da. Miren Barrenaren ipuin batean oinarritzen da, Raimundo Sarriegik eta bere «maisuba» Jose Juan Santestebanek urte hartan izandako fikziozko elkarrizketa batean. Musika, antzerkia, bertsoa, dantza eta bideoa uztartuko ditu hainbat eragilek osatutako lanak. Juan Karlos Izagirre alkateak azaldu bezala, 1813an jazotakoak eta Olatu Talkak zenbait baliotan bat egiten dute: «Elkarrekin gauzak egitea, ezberdinen artean aurrera begira proiektu komun bat aurrera ateratzea, elkarbizitza, parte hartzea, errespetua... Errealitate hobe bat eraikitzea, finean».
Ikuskizun honen hiru doako emanaldi egingo dira Victoria Eugenia antzokian. Gonbidapenak maiatzaren 20tik aurrera hartzeko aukera izango da antzokiko leihatilan.