GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eh jaietan | beasain

Beasaingo jaiak: parte-hartzaile, herrikoi eta euskaldunak

Herriko jaiak antolatzeak duen lanaz jabetuta, otsailean hasi ziren beasaindarrak Loinatz festak antolatzen. Udaleko Kultura eta Euskara saila, Gazteriakoa, Hezkuntzakoa, Jai Batzordea eta herriko beste hainbat eragile aritu dira buru-belarri lanean, ahalik eta jai osatuenak eta erakargarrienak eskaintzeko.

p018_f01_48797.jpg

Iosu ARRUABARRENA |

Jai parte-hartzaileak bultzatu nahi ditu Udalak, eta horregatik, hainbat bilera egin dituzte herritarrekin festen inguruko erabakiak hartzeko.

Euskara eta Kulturako zinegotzi Garbiñe Zurutuzak esan digunez, krisiak eragina izan du aurtengo jaietan eta iazkoarekin alderatuta aurrekontua asko aldatu ez bada ere, Jai Batzordeak hainbat aldaketa egin ditu aurten dirua aurrezteko: kale antzerkirik ez da egongo eta helduen danborradako karroza ere ez da aterako. Karroza ez ateratzen aurrezten duten dirua buruhandi zaharkituak berritzeko erabiltzea erabaki dute ekimena antolatzen duten elkarte ezberdinek. Herriko kultur elkarteen ekarpena handia da Zurutuzaren ustez, eta aitortzen du parte-hartze horri esker ekintza asko mantendu egin ahal izan dituztela: dantzaokea, mozorro eguna, danborradak, buruhandiak eta erraldoiak...

Aurreko urteekin alderatuta, aldaketa batzuk izango dira aurtengo jaietan. Txupinazoa, arratsaldeko 17.45ean izango da, goizeko 12.00etan egin beharrean, eta gainera, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak izango dira pregoia botatzearen arduradunak. Ohitura berri bat ezarri nahi dute; urtero, umeen danborradaren karroza antolatzeko ardura duen ikastetxeko ikasleek txupina botatzea.

Baina txupinazoarena ez da aldaketa bakarra, izan ere, aurten txosnak erdialdera eramango dituzte, Bideluze plazara. Zurutuzaren hitzetan, «Txosna Batzordeak hainbat ekimen antolatzen ditu eta txosnak erdialdera eramanda kale animazio gehiago egongo dela uste dugu». Su artifizialetan ere egongo dira berrikuntzak; Antzitzar kiroldegi ingurutik izan beharrean, Igartzako monumentu historikotik botako dira suziriak eta lehenengo aldiz, su festa musikatua izango da. Jai euskaldunak eta herrikoiak bultzatu nahi ditu Udalak eta horren adierazlea aurtengo danborrada da, lehenengo aldiz beasaindar musikariek konposatutako abestiak joko baitira.

Jai Batzordean parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkie Garbiñe Zurutuzak, beraien ekarpenengatik izango ez balitz jaiak antolatzea ezinezkoa izango litzatekeelako. Era berean, herritar guztiei jaiez gozatzeko deia zabaldu nahi die, eta taberna eta txosna inguruan bizi direnen atsedena errespetatzen saiatzeko ere eskatu nahi du. Bere hitzetan «guztiek dugulako jaiez gozatzeko eskubidea».

Loinatz jaietan inoiz egon ez denari, gaurtik 19ra Beasainera hurbiltzeko gonbita luzatu nahi die: «Ilusioz eta gogoz prestatutako adin guztietarako ekimenez gozatu ahalko du gerturatzen denak. Giro euskaldunean, herritik eta herriarentzat egindako jaiak bizitzeko aukera izango du».

Jaietan ere, herriko presoak gogoan

Euskal Herriko toki gehienetan bezala, Beasainen ere euskal preso politikoen aldeko ekimenak antolatu dituzte Loinatz jaietan. Iban Apaolaza, Josetxo Zeberio, Kai Saez de Egilaz, Leire Lopez, Lierni Armendariz eta Mikel Azurmendi dira preso dauden beasaindarrak. Azkeneko hau da espetxean denbora gehien daramana, 1998. urtean atxilotu baitzuten; beste guztiek bost urtetik gora daramate gatibu.

Seiak Espainiako eta Frantziako kartzeletan sakabanaturik daude, eta ondorioz, beraien senide eta lagunek sekulako gastu ekonomikoari eta bidaia luzeak egitearen arriskuari egin behar diete aurre, 40 minutu inguruko bisita bat edukitzeko. Leire Lopezen kasuan gainera, ez du bis a bisa egiteko eskubiderik, eta beraz, ezin du bere lagun eta senideekin kontaktu fisikorik izan.

Jaietan ere falta direnak presente izan nahi dituztelako, hainbat ekimen antolatu ditu jaietan Herrirak. Maiatzaren 13an, bazkaria egingo dute 600 pertsona inguruk. Maiatzaren 18rako, berriz, kalejira bat antolatu dute Udaletxetik Bideluze plazaraino eta bukaeran, senideek mural bateko piezak kenduko dituzte mosaiko bat agerian utziz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo