GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eh jaietan | beasain. Pello Irizar Aranburu, Koskola Txarangako kidea

«Guretzako saririk handiena kaleko jendearen onarpena eta txaloak dira»

Hainbat urtetan irakasle desberdinekin musika ikasketak egin ostean, Udal Musika Bandako zuzendari zen Isidoro Alonsoren eskutik eta beste hainbat irakaslerekin batera Beasaingo Musika Eskola sortu zuen, eta beranduago Ormaiztegiko Musika Eskola. 1981ean beste musikari batzuekin Koskola Txaranga osatu zuen, eta berau zuzentzen du, instrumentu moldaketak idazteaz gain.

p020_f01_52921.jpg

Nerea IZAGIRRE |

Oker ez banago 1927an egin zen lehen aldiz danborrada. Zein da danborradaren historia?

Nik dakidanez, Beasaingo lehenengo danborrada herriko festetatik kanpo 1920ko ekainaren 19an egin zuten, Beasain Kirol Elkarteko Kasinoak antolatuta. Zuk aipatu duzun 1927koa bigarrena izan zen, hau bai jaietako egitarauaren barne. 1935ean atera zela ere badakit. Beraz, 1927tik aurrera jarraipena izan zuen eta ziurrenik gerra zibilarekin bukatu zen ibilaldi hura.

Noiztik hartzen duzu parte danborradan?

1978ko jaietan danborrada berreskuratu nahi izan genuen eta lehenengo danbor nagusia izan nintzen, nire anaia zen Martin upelen zuzendaria izan zen hartan. Gero soldaduskara joan nintzen eta segituan Koskola Txaranga sortu genuen. Hortik aurrera musikari bezala bonbardinoa jotzen eta musikak moldatzen lagundu dut.

Zer dauka Beasaingo danborradak beste herrietakoek ez dutena?

Koskola eta beste hainbat txarangarekin ehun danborradatik gora lagundu izan dut. Donostian, Andoainen, Ibarran, Ormaiztegin eta abar. Nik uste, danborrada bakoitzak bere berezitasuna duela. Bai musika aldetik, bai janzkera aldetik, bai portaera aldetik. Bakoitzak bere nortasuna du, eta Beasaingoak ere bai. Beharbada partaide kopuruarena, eta batez ere, musika bandarekin batera txistuak aritzen direla. Arin-arin bat jotzea danborrada honen bitxikeria bat da.

Zenbat pertsona ateratzen zarete?

Hirurehun lagunetik gora uste dut.

Zeintzuk izan dira danborradarako moldatu dituzun kantak?

2010ean, Ramon Aranburu Txanbo-ren «Beasain Jaietan» biribilketa eta Ignacio Bereziartuaren «Aufa!»kalejira moldatu nituen. 2011n, gerra zibileko garaian Beasainen ezkutuan txistua irakasteko erabiltzen zuten egile ezezagun baten«Beasain mendian» fandangoa moldatu nuen, baita nire anaia Martinek utzitako «Prontxio»arin-arina ere eta Ignacio Francisco de Eleizgaray azpeitiarrak Beasaingo patroiari eskainitako«Loinazko Martin Deunari Ereserkia». 2012an Xabier Sarasolaren «Txanbo»biribilketa moldatu nuen eta danborradarako propio «Martintxo»izeneko martxa konposatu nuen. Aurten, hogeita hamar urtez danbor nagusia izan zen Joxe Agustin Olanori eskaini diodan «Kote Polka»konposatu dut.

Danborradaz gain, Koskola Txarangak zer gehiago antolatzen du?

Udaletxeak eta elkarteak antolatzen dute danborrada. Guk aholkatu eta lagundu bakarrik egiten dugu. Horretaz gain, herriko dantza taldeekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin eta beste hainbat herri ekintzatan parte hartzen dugu.

Lehiaketaren batean parte hartzen duzue? Saririk jaso duzue?

Koskola Txarangak ez du inoiz lehiaketetan parte hartu. Hala ere, baditugu aipamen berezi batzuk: Valentziako «Ciscar-Antic Regne»-ko failaren «Ohorezko Faileroak»eta Beasaingo Odolki Kofradiako «Ohorezko Kofradeak» gara. Guretzako saririk handiena kaleko jendearen onarpena eta txaloak dira.

Zer esango zenioke Beasaingo danborradan inoiz atera ez denari?

Ekintza kolektibo jator bat dela. EHUk danborradetan parte hartzearen onurei buruz egin berri duen ikerketa irakurtzeko bestela...

Eta danborradan ateratzen diren beasaindarrei?

Hau bai galdera egokia! Aipatutako onurak lehen entseguetatik hasten direla.

Zer esango zenioke Beasaingo jaietara inoiz joan ez den norbaiti?

Herria oso irekia dela eta oso harrera ona duela kanpoko jendearekiko. Beasaingo jaiak oso giro jatorrean ospatzen direla. Animatu zaitezte eta bisitatxo bat egin. Etortzeko trena hartzen baduzue behintzat, ez zarete damutuko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo