Eh jaietan | beasain
Loinaz elkartea, txirrindularitzaren munduan 50 urtez
2012-2013ko denboraldia Loinaz txirrindulari elkartearentzat oso berezia izango da, elkartea 1963. urtean sortu zenetik 50. urteurrena ospatzen baitute. Aurten hainbat ekintza burutuko dira, oso maila handikoak. Hauekin, herriko zein bailarako oinarriko txirrindularitza indartu eta sustatu nahi dute elkartekoek, eta herritarren artean kirol honekiko miresmena sortu eta indartu.
Horrez gain, Goierriren, Beasainen eta Loinaz Txirrindulari Elkartearen izena zabaldu nahi dute bertako Kadete Txirrindulari Taldeak parte hartzen duen herrietara, eta Goierriko herrietan zehar egiten diren lasterketetan parte hartzen duten txirrindularien bitartez beste herrialdeetan ezagutzera eman nahi dute.
2011-2012 denboraldian ez bezala, 2012-2013 denboraldian zazpi lasterketa antolatuko dira Beasainen, zikloturista taldeak asteburuetan irteerak egiten jarraituko du eta kadete mailako txirrindulariz osatutako taldea egongo da. 2013. urtean zehar honako lasterketa hauek dituzte: XXV. Eskolarteko Probak (9-14 urtekoak); XXXI. Usurbe Proba, «Memorial Mikel Etxeberria» (14-16 urtekoak); XXXII. Beasaingo Proba (16-18 urtekoak) eta Mundial Aurreko Proba; LXIII. S.C.Loinaz Proba (Sub-23); LXXXVI. Loinaz Klasikoa. III. Ion Lazcanoren oroimenekoa (elite eta Sub-23); Euskal Herriko Itzulia, 5. etapa, linean Eibar-Beasain (apirilak 5) eta 6. etapa, erlojupekoa, Beasain-Beasain (apirilak 6).
Mundial Aurreko Jubeniletako lasterketa, joan den urtean bezala, aurten ere antolatzeko aukera du Loinaz Txirrindulari Elkarteak. Honela, 200 txirrindulari inguruk osatzen duten lasterketa bat antolatuko du, horrek duen garrantziarekin. Proban Frantziako edo Portugaleko lau taldek har dezakete parte, eta Espainiako eta Euskal Herri osoko hamabost talderik onenak bertan izango dira. Euskal Herriko talde guztiak izango dira bertan. Proba Gipuzkoako Federazioarekin elkarlanean antolatuta dago.
Loinaz Klasikoa
Loinaz Klasikoa antolatzen den 85. urtea izango da aurtengoa. Gonbidapen bidezko Elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariek hartzen dute bertan parte eta estatuko probarik zaharrena da maila honetan. Normalean Klasika hau irabazten duena profesionaletara pasatzen da, kasu gehienetan lehen urtean.
Aurtengoan, elkartearen 50. urteurrena dela-eta, Euskal Herriko Itzulia Goierrira ekartzeko eskatu zuen Loinaz Txirrindulari Elkarteak, eta eskaera hori onartu egin zuen antolakuntzak, Loinaz elkarteak duen ibilbide oparoa aintzat hartuz eta aitortuz. Bi lasterketa izan ziren, itzuliaren barnean: azken-aurreko etapa apirilaren 5ean, Eibar-Beasain eta Itzuliaren amaierako erlojupekoa, apirilaren 6an, Beasain-Beasain. Apirilaren 5eko etapak 165 kilometro izan zituen, txirrindulariek Azkarate, Urraki, Santa Ageda, Mandubia, Lierni (hirutan), Olaberria (birritan), Gabiria (hirutan) eta Barbaris gainak gainditu behar izan zituztelarik. Hurrengo eguneko erlojupekoak 24 kilometro izan zituen Ormaiztegi, Lierni, Zerain, Segura, Olaberria eta Lazkao zeharkatuz.
Honela, Euskal Herriko Itzulia Loinaz Txirrindulari Elkarteko aurtengo egutegiko lasterketarik entzutetsuena izan da, euren antolakuntza eta ibilbide bikainaren erakusle izan delarik.
Lasterketa hauekin eta euren lanarekin, Loinaz Txirrindulari Elkarteak oinarriko kirola sustatzeko helburua du, 9 eta 14 urte bitartekoak eskola kirolean txertatuz, 14 eta 16 urte bitartekoak kadete taldean hartuz eta hortik gorakoak elkarteak antolatutako lasterketetan parte hartzera bideratuz. Honela, txirrindularitza mugatua ez den kirol bat dela erakutsi nahi dute, nahi duen orok parte hartzeko aukera duelarik.
Eta bide horretan eman ditu azken 50 urteak Loinaz Txirrindulari Elkarteak, txirrindularitza sustatzen Goierrin eta herritarren artean, errotuta dauden beste kirolekiko alternatiba bat proposatuz. Lan horretan makina bat urte eman ostean, aurrera begira txirrindularitza Beasainen eta eskualdean errotuz jarraitzeko helburua du eta lan horretan dihardu.