GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sortzen Ikasbatuazen bi eguneko besta berezia, gogoeta prozesuaren ispilu

Ikasturte berezia izaten ari da Sortzen Ikasbatuaz elkartearentzat, gogoeta prozesu bat egiten ari baita, eta maiatzaren 18ko asteburuko jaia ere halakoa izanen da, anitz dutelako «errepasatzeko, ospatzeko, baina baita erronka berriak kokatu eta irudikatzeko ere».

GARA |

«Haizeberritu, auzo eta lan» leloarekin eginen duten bestaren nondik norakoak aurkeztu zituzten asteazkenean Sortzen Ikasbatuazeko kideek. Azaldu zutenez, bi egun desberdin izanen ditu: bat, elkartearen ibilbideari begirakoa eta bertzea, ikasturtean egin duten hausnarketaren ispilua.

Maiatzaren 18an, Txantrean, urte hauetan guztietan egin dutena errepasatu eta ospatuko dute, denek batera osatu dutenaren jabe izateko helburuarekin. Goizean, beren Korrika berezia eginen dute auzoko kaleetan, 18 urteotan jaia prestatu duten eskola guztiekin, eskuz esku auzolanaren lekukoa pasatuz. Ekitaldia, bazkaria, flash moba eta kontzertu jaialdi bat ere izanen dira. Alto Voltage, Gatibu, Mareako Kutxi eta Kolibri, Goseko Ines eta Zopilotes Txirriaus arituko dira.

Hurrengo egunean, Taconeran, aitzinera begira dituzten erronka berrien lanketa praktikoa irudikatzen hasiko dira. Horrekin lotuta eta berrikuntza gisa, guneak lan ildoka antolatu dituzte. Kontseilua, Euskal Herrian Euskaraz, Dindaia, AEK, Euskal Herriak Bere Eskola, Nafarroa Bizirik!, Bertsozale Elkartea... Hamaika elkarteren laguntzaz, egitarau oparoa prestatu dute. Antoniutti parkean Euskara gunea kokatuko dute eta bertan eginen dute ekitaldi nagusia 13.00etan. Horretaz gain, 0 eta 8 urte arteko umeentzako tailerrak, euskara klaseak, photocalla, puzgarriak... izanen dira.

Pedagogia berritzailearen txokoa Taconera izanen da. Bertzeak bertze, Nafarroako sokatira finala eginen dute 11.30ean eta larrain-dantzak itxiko du jai gunea 20.00etan. Vistabellan, hezkidetza eta integrazioa landuko dituzte, tailerrarekin eta kontzertuekin, eta Basotxoan, Euskal Curriculuma, adibidez Alde Zaharreko historia ezagutzeko bisita gidatuarekin.

PUTZ EGIN KANPAINA

Ehunka norbanakok eta 30etik gora pertsona ezagunek eman diote hatsa jaiari eta euskarari berari «Nik ere putz eginen dut!» esaldiarekin gurejaia.info-ra bideo eta argazkiak bidaliz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo