GARA > Idatzia > Kirolak> Automobilismoa

analisia | espainiako sari nagusia

Amodio-gorroto harremanak

2013ko Bat Formulako denboraldiak Europan egingo du lehen geldiunea asteburu honetan, Bartzelonan. Montmeloko zirkuitua enigmatikoa da, tenperatura eta haize baldintzen arabera oso aldakorra. Pirellik aurten konposatu ertainak eta gogorrak daramatza. Bi pneumatikoen arteko desberdintasun txikiagoak estrategiak parekatuago bihurtu eta lehia estutu beharko luke

p048_f01_148x104.jpg

Xabi ALZELAI Probetako ingeniaria

Amodio-gorrotozko harremanak ez dira arraroak lehian. Kataluniako zirkuituarekin pilotu eta teknikari gehienek mota horretako harremana dute. Batez ere 1 Formulan gehienek hobekien ezagutzen duten pista da, urteetan zehar bertan egindako denboraldi-aurreko probetatik batez ere. Alabaina, aldi berean, zirkuitu enigmatikoa da, tenperatura eta haize baldintzen arabera oso aldakorra. Goizean bizkorrena izandako autoa arratsaldean tropelean galduta aurki daiteke, berez konfigurazioan ezer aldatu gabe.

Europar denboraldiko lehen lasterketan ohikoa den bezala, taldeek lehen eboluzio pakete garrantzitsuak probatuko dituzte, hamar bat asteko haize-kanaleko garapenaren emaitzak. Ondorioz, talde gehienak hobetzeko itxaropen handiarekin iristen dira Bartzelonara. Iguripen hori betetzen ez bada, frustrazioa bikoizten hasten da eta alarmak pizten dira.

Montmeloko zirkuituak denetik dauka bihurgune moten ikuspuntutik eta autoaren efizientzia aerodinamikoaren adierazle fidagarria da. Biraren sektore garrantzitsuena hirugarrena da, bihurgune motelekin. Normalean bertan irabazten edo galtzen da denbora gehien. Azken sektore honetako abiadura aldi berean adierazle orokor bat da Monakoko lasterketarako.

Pirellik aurten konposatu ertainak eta gogorrak daramatza; joan den urtean bigunak eta gogorrak eraman zituen. Bi pneumatikoen arteko desberdintasun txikiagoak estrategiak parekatuago bihurtu era lehia estutu beharko luke. Aurreratu genuen bezala, Pirellik konposatu gogorra sendotu du, 2012koarekin praktikan parekatuz. Aldaketa honekin talde gehienek hobetzea espero da, gurpil gogorrak iraunkorragoak izango baitira eta laneko eremu zabalagoa eskainiko baitute.

Talderen batek aldaketa honen ondorioz sufrituko badu, Mercedes da. Izan ere, Pirellik denboraldi hasieran taldeei jakinarazi bezala, orain arteko pneumatiko gogorren laneko tenperatura optimoa 115-135°C artean zegoen. Mercedesek berehala lortzen dute tenperatura gune horretan sartzea, baina hori arazoaren parte bilakatu daiteke. Kalifikazioan denbora oso ona lortzen dute gurpil gogorrekin, baina bi biraren ostean, antza denez, gurpila gehiegi berotzen zaie.

Gainerako talde gehienek, ostera, arazoak izan dituzte orain arte gurpil gogorrak kalifikazioan tenperaturara jartzeko. Beraz, Pirellik tenperatura minimoa 115°C-tik 100°C-ra jaisten badu, konposatu ertainarekiko jauzia murriztuta geratuko da. Ertaina 90°C-tan hasten da lanean. Ondorioz, Mercedesek kalifikazioan orain arte izandako abantaila hori desagertuko da.

2014rako pneumatikoen egoera are interesgarriagoa bilakatuko dela dirudi. Izan ere, Pirellik datorren urterako gurpilak garatu beharko ditu, 2014rako probetako txasis bat izan gabe. Gogorarazi behar da datorren denboraldian 1.6L V6 turbodun motoreak sartuko direla, oraingo V8-ak erretirora bidaliz. Horretaz gain, txasisari dagokionez, aldaketak nabarmenak dira batez ere aerodinamikari dagokionez. Arrazoi ekonomikoak direla-eta, taldeek ez dute probetarako txasisik produzitu nahi. Horren ordez simulazioez fidatzeko erabaki ausarta hartu dute. 2014. urterako simulazioek erakusten dutenaren arabera, potentzia entregan aldaketa esanguratsua aurreikus daiteke.

Datorren urteko motoreak indar-pare boteretsuagoa izango du; ondorioz, atzeko gurpilek berotze-karga handiagoak jasango dituzte. Badirudi aurtengo gurpilen zabalerak mantenduz, autoaren oreka ezegonkor samarra izango litzatekeela. Soluzio bat atzeko gurpilak zabalago diseinatzea litzateke, edo aurrekoak estuagoak. Nolanahi ere, mota honetako aldaketa baterako apur bat berandu izan daiteke Pirellirentzat 2014ra begira.

Datorren urterako gurpila garatzea uste baino erronka handiagoa izango da. Oraindik existitzen ez den txasis batentzat gurpilak garatu behar dituzte, oraindik pistan probatu gabeko motore batekin. Helburua definitzeko taldeek burututako simulazioen emaitzak erabiltzea litzateke azkarrena, baina emaitza horiek etengabe aldatzen joango dira hilabetetik hilabetera.

Helburu mugikor bati beste desabantaila bat gehitu behar zaio: talde azkarrenen eta motelenen arteko aldea 5 segundo ingurukoa izan daiteke aurtengo 2 segundoekin alderatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo