Harri-jasotzaile eta harri bakoitzak du bere historia eta San Telmo museoan ezagut daitezke
«Harri-jasotzaile. Harriaren indarra» erakusketak herri kirol horren balioa aitortuz, harria jasotzen aitzindari izan zirenak eta gaur egungoak omendu nahi ditu. Irailaren 8ra arte egongo da San Telmo museoan.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Harri puska bat hartu eta sorbalda gainera igotzea baino askoz ere historia zabalagoa du harri-jasotzeak. Gehiengoari, ordea, ezezagun zaizkio harri motak, bakoitzaren zailtasun eta abantailak, horiekin hautsitako markak edo ahaleginean gelditutako saiakerak... Hori guztia ezagutarazteko jaio zen Herria-Harria taldea eta, azken hilabeteetan hainbat ekitaldi egin ondoren, Donostiako San Telmo museoan «Harri-jasotzaile. Harriaren indarra» erakusketa zabaldu dute irailaren 8ra bitartean. «Harri bakoitzak bere historia dauka eta, tartean, altxa dituztenak daude, oso izen handikoak», esan zuen atzo Patxi Jauregi Herria-Harriako kide eta Ramon Jauregi Bedaio harri-jasotzaile ezagunaren semeak.
Argazki, ikus-entzunezko, harri eta datu historikoz osatuta dago erakusketa. Bost atal bereizi dituzte: «Aitzindariak», «Emakumeak», «Gaur egun», «Harriak» eta «Harri-jasotzaileak». Euskal herri-kirol gehienen antzera, harri-jasotzea baserriko lanetatik sortu zela gogorarazten da eta duela ehun bat urte eman zuela plazarako jauzia. Arteondok eta Aritzak 1925ean Eibarren elkarren aurka egindako apustua jotzen da harri-jasotze modernoaren abiapuntutzat. Orduan homologatu ziren harriak eta arauak.
Harri horiek ikusgai daude San Telmon, bai homologatuak, baita «baldarrak» deitutakoak ere. Lehenengoen artean daude Eibarren erabili zen Koadro Zaharra, Iñaki Perurenak gero egokitu zuen Koadroa, Zilindro Zaharra eta Berria, Bola (guztietan zailtasun handiena duena), heldulekurik ez duen Kubikoa eta Aimar Irigoieni errekorra eman zion Kopa.
Harri baldarren artean, 215 kiloko Arrasateko Bolo harria, 123 kiloko Igeldoko harria, 191ko Pipa harria eta 166,5 kiloko Amezketako Albitzuri Andi harria dude. Azken harri honekin Errekartetxok ezarri zuen altxaldi batekin lehen marka 1947an, eta hurrengo urtean Jose Urtainainek lau altxaldi egin zizkion. Azkenengoa Goenatxo II.ak eta Ostolazak daukate, 2007an, hamaika altxaldirekin.
Bada beste harri berezi bat ere, Bedaio harria, 226,5 kilokoa. Harri hau bizkarretik jasotzen zen eta Ramon Jauregi Bedaiok 1,37 minutu behar izan zituen horretarako, handik harriaren izena.
Emakumeak lehen eta orain
Kirol gehienetan bezala, ikusgarritasunik eman ez bazaio ere, emakumeak aspalditik du bere lekua harri-jasotzean. Damasa Agirregabiria, Errekartetxoren emaztea, jotzen da 40ko hamarkadan lehenengotzat. Anttoni Ibar urtaindarren alaba aritu zen gero eta, azken urteetan, Miren Urkiola bolibartarra eta Marijo Sardon urnietarra. Victoria Eugenian urrian egin zen erakustaldian, Idoia Etxeberria oriotarrak 150 kiloko harria lau alditan jaso zuen. Patxi Jauregiri ileak tente jarri zitzaizkion atzo gogoratze hutsarekin. «Nik uste berrehun kilo altxatzera iritsiko dela. Izugarria da egiten ari den lana», esan zuen.
Harria-Herriako kideak aitortu zuenez, «nahi baino gutxiago» praktikatzen da gaur egun, nahiz eta eskola bat baino gehiago badagoen eta berpizkunde txiki bat ikusten duen. Erakusketarekin batera, erakustaldiak ere egingo dituztela iragarri zuten.
Erakusketan, iazko urrian Victoria Eugenian harriari egin zitzaion omenaldiari buruzko ikus-entzunezkoa ikusteko aukera dago.