Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Tuturen taxia
Tutu gizon elegantea da, ederki jantzia, betaurreko beltzekin, beti inpekable emana, irriñoa ezpainetan eta bezeroekin arreta handikoa. Tutu uharte batean bizi da, Cabo Verden, taxi batekin lan egiten du, turistak toki batetik bestera eramanez. Gero eta turista gehiago heldu da uhartera, frantses asko, tokiko turismoak ez du beti fama oso ona, Afrikan garatzen den turismoa ez baita beti zuzena, miseriaz baliatzea erraza baita. Cabo Verden ere bai.
Afrikari lotua, Cabo Verde Europari begira bizi da, garapen ekonomikoa bultzatuz. Horretan turismoak leku garrantzitsua dauka. Haatik, herritar gehienak gazteak izanik, turistek erakusten duten oparotasunak desberdintasunak agerian uzten ditu. Haurrak oinutsik ikusten dira karrikan, nahiz eta gobernuak haurren eskolara bideratzearen politika nahiko indartsua duen. Bortizkeria nabarmena izaten da eskola publikoetan. Ez da bizi erraza; Tutuk alaitasun handiarekin hartzen du bizitza, errekurtso gutxirekin baina bizi filosofia ederrarekin.
Ohargarriena Tuturen taxia da. Taxi asko dira uhartean, asko berri-berriak. Tuturena desberdina da, sartu ondoren, atea ixtea ez da sinpleki lortzen, behin baino gehiagotan danba eta danba aritu behar da. Leihoa ez da hesten, kanpoko haizeaz gozatzeko parada izaten da. Abiatzeko estresa batean sartzen da Tutu ez baita inoiz argi motorra piztuko ote den. Hori dena irriñoa ezpainetan, oso normala dela dio, gehienetan ez dela arazorik, jabeari erraten diola konpondu behar dela, baina dena garestia izaten da eta ez zaio erraza diru aski biltzea mekanikoen ordaintzeko. Mekanikoak artistak dira egia erran, Tuturen taxia konpontzeak trebetasun handia eskatzen baitu, sosa eta esku ona.
Egunak joan egunak etorri taxian dabil Tutu, bidaiak neurtuz gasolina distantzien arabera erosiz: kilometro gutxiko bidea egin behar badu hiru euroko gasolina erosten du, nahikoa turista garraiatzeko. Ondoren, bezeroa utzi eta sos aski izanen du berriz gasolina erosteko, beste bidaia baten egiteko, eta horrela apurka-apurka lan horretatik etekin zerbait ateratzeko. Ez aberasteko noski. Bost axola Tuturentzat, bizitzeko heina ematen dion bitartean. Lana han ere ez baita soberan.
Tuturen taxiak beste berezitasun bat dauka, Tuturen taxia ez da Tuturena Antxonena baizik. Antxonek ezin du taxia gidatu bizkarreko arazo larriak baititu. Antxon aspaldi igorri zuten uhartera, bizitzeko doia atxeman behar izan zuen, baina taxiarena ezinezkoa da dagoeneko. Tuturi pasatu dio, baina jarraitzen du konponketen arazoak bere gain hartzen. Antxon baita Tuturekin gure lotura. Ez dakigu nola segitzen duen bidean taxiak, Antxonek erosi zuelarik zaharra zen jada, baina bidelagun ona izan zaio, laguntza, euskaldunentzat bertan lana atxematea ez baita erraza izaten.
Cabo Verde deportazio eremu bilakatu zuten. De Gaulek deportazioa desegin zuen 1961ean, baina Pasqua-Padreau bikoteak berpiztu zuen euskaldunentzat. Han dago Antxon, beste batzuekin. Urteak joan dira, itzultzeko datarik izan gabe. Gurekin izanen dira ekainaren 15ean, Biarritzen iraganen den «Herria dugu arnas» egunean.