Aizkora | Urrezko lehiaketa
Floren Nazabal eta Jon Rekondo finalean izango dira
Ugaitz Mugertzak, Juanjo Lopezek, Aitzol Atutxak eta Joseba Otaegik, berriz, finalerdiak jokatu beharko dituzte, eta bi izango dira azkeneko ekinaldian.
Jon LEUNDA
Floren Nazabalek eta Jon Rekondok lortu zuten herenegun Urrezko Aizkorako finalerako sailkatzea. Joseba Otaegik, Aitzol Atutxak, Ugaitz Mugertzak eta Juanjo Lopezek, berriz, finalerdiak jokatu beharko dituzte. Ander Erasunek eta Julen Kañamaresek atzo amaitu zuten maila nagusiko norgehiagoka.
Herenegun jokatu ziren bi kanporaketetan, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko lehen lana. Bigarren saioan, erlojuz kontra ebaki zuten 45 ontzakoa. Ondoren, tamaina bereko enborra zutik jarrita ebaki behar izan zuten. Laugarren lanean, 60 ontzakoa erdibitu behar izan zuten, eta azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki zituen aizkolari bakoitzak.
Goizean Urduñan jokatu zen saioan, Rekondo izan zen onena. Kolpekakoan, bera eta Erasun izan ziren nagusi. Enborra erdibitzeko 30 kolpe behar izan zituzten. 35 Mugertzak eta 47 Lopezek. Bigarren saioa, Rekondok irabazi zuen, 45 ontzakoa 50 segundoan amaituta. 52 behar izan zituen Kañamaresek, 55 Lopezek eta 1.06 Mugertzak.
Hirugarren saioa ere leitzarrak eraman zuen. Zutik jarritako enborra minutu batean bukatu zuen. 1.14 izan zen Lopezen denbora, 1.18 Mugertzarena eta 1.25 Kañamaresena.
Iraupen proban, Mugertza izan zen onena, 10.42 izan zen bere denbora. Rekondoren denbora 11.27 izan zen, 12.11 Lopezena eta 12.24 Kañamaresena. Amaieran, Jon Rekondo nagusi. 16.43 izan zen bere denbora. Bigarren Ugaitz Mugertza sailkatu zen, eta 17.24 izan zen bere denbora. 18.30 Juanjo Lopezena eta 19.30 Julen Kañamaresena.
Arratsaldean, Diman, Floren Nazabal gailendu zen. Kolpekako saioa Atutxak eraman zuen, enborra 30 kolpetan moztuta. 38 behar izan zituen Floren Nazabalek, 43 Ander Erasunek, eta 46 Joseba Otaegik.
Bigarren lanean Nazabal izan zen onena, lana 46 segundoan bukatuta. Otaegik 47 behar izan zituen, eta 55na Atutxak eta Erasunek. Hirugarrengo saioa ere Etxarrikoak irabazi zuen. 49 segundo behar izan zituen, 1.02 Otaegik, 1.07 Erasunek, eta 1.10 Atutxak. Laugarrengoan Floren Nazabal izan zen onena. 2.48 izan zen bere denbora, 3.09 Otaegirena, 3.10 Atutxarena eta 3.14 Ander Erasunena.
Iraupen proban Nazabal izan zen nagusi. 10.o6 izan zen bere denbora. 10.55 Aitzol Atutxarena, 11.57 Joseba Otaegirena eta 12.49 Ander Erasunena. Denera Floren Nazabal gailendu zen. 15 minutu eta 7 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko. Bigarren Atutxa sailkatu zen, eta 16.40 izan zen bere denbora. Hirugarren Joseba Otaegi izan zen, eta 17.41 izan zen bere denbora eta 18.48 izan zen Ander Erasunen azkeneko denbora.
Urrezko Harri Jasotzaileen bigarren kanporaketa jokatu zen herenegun Diman, eta bertan Urruzuno izan zen nagusi. 100 kiloko zilindro zaharra, pisu bereko kubikoa eta bola erabili zituen bakoitzak.
Proba honetan, kirolari bakoitzaren pisua ere hartzen da kontuan, eta Lopetegik hiru kilo gutxiago pisatzen zituenez, hiru segundo gehiago izan zituen lanerako, baina horrek ez zion herenegungo saioa irabazteko balio izan.
Urruzunok guztira 60 jasoaldi lortu zituen, eta Lopetegik, 55. Azken honek, ordea, 16 urte besterik ez ditu, eta ikaragarrizko etorkizuna duela erakusten du beti.
J.L.
Herenegun jokatu ziren bi saioetan azkeneko postuan amaitu zuten Julen Kañamaresek eta Ander Erasunek aurtengoz bukatu dute maila nagusiko lehiaketa.
Finalerdietako lehen kanporaketa datorren larunbatean jokatuko dute Bilbon, Atutxak eta Lopezek. Beste finalerdia Mugertzak eta Otaegik jokatuko dute hemendik bi astera.