GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

mendiko eskia | «Grande Course»

Denboraldiari amaiera bikaina Mezzalama proba handiarekin

Mezzalama lehia entzutetsua jokatu zuten joan den maiatzaren 4an. Nesketan, Laura Besseghini, Raffaella Rossi eta Elena Nicolinik osatutako taldeak irabazi zuen. Mutiletan, honako hirukotea gailendu zen: Manfred Reichegger, Damiano Lenzi eta Matteo Eydallin.

p040_f01_250x160.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Eski alpinismoaren lehien denboraldia amaitu da dagoeneko. Kolore, distantzia eta izaera ezberdinetako probak jokatu dira, eta amaiera «ekitaldia» Mezzalamak eman dio; hots, «Grande Course» modalitateko lasterketa entzutetsuak.

Aitortu behar da, alabaina, ez dela lasaia izan, lehia eguna behin baino gehiagotan kolokan egon delako. Izan ere, «Glaziarretako maratoia» gisa ezagutzen den proba hau jokatu baino egun batzuk lehenago elurteak izan zituzten. Horren ondorioz, antolatzaileak urduri jarri ziren: «Ayas eta Gressoney haranetan 30 eta 50 zentimetroko elur geruza bota zuen. Elurroldeen arriskua oso handia zen, eta gure betebehar nagusia lehiakideen segurtasuna bermatzea da. Orain dela 80 urte ez zegoen eguraldi iragarpenik, baina egun badugu eta hori kontuan hartu beharrekoa da. Azkenean, modeloek adierazten zuten eguraldia egonkortu egingo zela, eta asmatu egin zuten. Horren ondorioz, hitzordua hilaren 4rako jarri genuen».

Astebete gorabeheratsua izan ondoren, lehia egunerako den-dena lasaitu egin zen. Eta aitortu behar da oso egun ederra izan zutela. Ohi den legez, maratoi hori hiru lagunez osatutako taldeetan jokatzen da.Gogorra baino gogorragoa da egun bateko lasterketa hori, besteak beste, laumilako batzuk igo behar dituztelako.

Eski alpinismoko «Grande Course» modalitateko lehien barruan dagoenez, espezialista guztiak irteera puntuan zeuden. Lehia irabazteaz gain, puntuak batu nahi zituzten. Pierra Menta, Altitoy, Adamello... bezalako probak jokatu ondoren, Mezzalama denboraldiko azkena zen. Hala ere, sailkapen orokorra datorren urtean argituko da, «Grande Course»-ko lehien liga bi urtekoa delako.

Aipatu behar da lehiakideek eguraldiarekin eta baldintzekin zorte handia izan zutela. Elurraren baldintza oso ona zen, besteak beste, 3.600 metroko kota arte elur hautsa. Eta, gainera, asko; ia helmugara iritsi zen. Hori bai, Quintino Sella aterpean eta Naso del Lyskamn ingurumarian ibilbidea zer edo zer aldatu behar izan zuten.

Faboritoek kale

Nesken lehiari dagokionez, aurreratu behar dugu hirukote faboritoak «huts» egin zuela. Breuileko irteera puntuan gogotsu zegoen Gloriana Pellissier, Mireia Miro eta Laetitia Rouxek osatutako taldea. Indartsu atera ziren, baina Mezzalamako «erreginak», Pellissierrek, krisia jasan zuen Plateau Rosan, eta, horren ondorioz, hirukoteak lasterketa bertan behera utzi behar izan zuen.

Gorabehera hori ondo baino hobeto aprobetxatu zutenak Laura Besseghini, Raffaella Rossi eta Elena Nicolini italiarrak izan ziren. Helmugan lehenak izan ziren 6 ordu eta 4 minutuko denborarekin. Ordubete eta 23 minutura Tatiana Locatelli, Mireille Richard eta Alesandra Cazzanelli iritsi ziren. Hirugarrenak: Claudia Comello, Sonia Balbis eta Claudia Stettler.

Mutiletan, berriz, irabazleak ibilbide osoan nagusitu ziren. Manfred Reichegger, Matteo Eydallin eta Damiano Lenzi sasoiko iritsi ziren Mezzalamara. Castorreko gailurrean (4.226 m) 2 ordu eta erdiko denbora egin zuten; hots, errekorra. Naso de Lyskamnen (4.100 m) ere lehenak ziren, baina atzetik William Bon Mardion, Matheo Jacquemoud eta Kilian Jorneten taldea estutzen hasi zen.

Gressoneyko helmuga gertu zuten, eta soilik jaitsiera luzea zuten aurretik. Azkenean, Reichegger, Eydallin eta Lenzi lehenak izan ziren 4 ordu eta 16 minutuko denborarekin. Minutu batera Bon Mardion, Jacquemoud eta Jornet iritsi ziren, ia-ia esprinta ikusi zen. Podiumean hirugarrenak eta irabazleengandik 12 minutura honakoak sailkatu ziren: Michele Boscassi, Petro Lanfranchi eta Lorenzo Holzkecht.

Aipatu beharra dago ere Breuileko irteera puntuan 261 talde (783 eskiatzaile) zeudela, eta Gressoneyko helmugara 229 iritsi zirela.

Azpimarratzekoa ere Florent Troillet eskiatzaile indartsuaren agerraldia. Berriro maila onera itzuli da; Yannick Ecoeur eta Martin Anthamattenekin seigarren sailkatu da.

Horixe da Mezzalamaren kronika, eski alpinismoko denboraldiari amaiera eman diona. «Grande Course» modalitateari dagokionez, espezialista guztiak Patrouille des Glaciers probara begira jarri dira. Baina hori datorren urtean jokatuko da.

laumilakoak

Breuileko irteeran 261 talde zeuden, eta Gressoneyko helmugara 229 iritsi ziren. Ibilbidean zehar, besteak beste, Castor eta Naso del Lyskamn igo zituzten.

mezzalama

«Grande Course» modalitateko proba hori joan den maiatzaren 4an jokatu zen azkenean. Eguraldi oso ona izan zuten, eta elurraren baldintzak bikainak izan ziren.

«El anillo de Picos» zeharkaldia lehen aldiz eskiekin egin dute

Europako Mendietan bada «El anillo de Picos» gisa ezagutzen den zeharkaldi berezi bat. Hain zuzen ere, mendilerro horretako zortzi aterpeetatik igarotzen da. Hasi, berez, Puente Poncebosen hasten da, eta amaitu, berriz, Sotresen. Guztira: 8.350 metroko goranzko desnibela eta 7.450 metroko beheranzkoa.

Bada, lehenbiziko aldiz hiruko batek aterpeen zeharkaldi hori eskiekin egin du. Protagonistak: Pablo Alonso asturiarra, Borja Ortiz kantabriarra eta Gaizka Itza bizkaitarra. Pasa den apirilaren 21ean egin zuten.

Aurreratu dugun bezala, Puente Poncebosen hasi zuten, eta honako zortzi aterpeetatik pasatu ziren: Ario, Vegarredonda, Vegabaño, Collado Jermoso, Cabaña Veronica, Jou de los Cabrones, Urriellu eta Caseton. Amaiera puntura, Sortresera, iristeko, 40 orduko lana behar izan zuten. Berez, Puente Poncebosen amaitu nahi zuten, baina zeharkaldia luzea egin zitzaien oso: «Leher eginda geunden, eta asmoz aldatu genuen. Hala ere, helburua bete egin genuen: aterpe guztietatik pasa eta ahal genuen guztia eskiatu». Andoni ARABAOLAZA

neskak

Besseghini, Rossi eta Nicolini italiarrek irabazi zuten. Bigarren sailkatuei ordubete eta 23 minutuko aldea atera zieten.

mutilak

Reichegger, Eydallin eta Lenzi italiarrak nagusitu ziren. Alabaina, bigarrenei minutu eskas bateko aldea atera zieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo