GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Eskalada | Topaketak

Melloblocco, blokezaleen munduko elkargune bereziena

Italiako Val de Mello eta Val Masinon egiten diren topaketen hamargarren ekitaldia egin berri da. Apirilaren 26tik maiatzaren 5era, hamar egunez, munduko txoko ugaritatik hurbildutako 3.000 baino gehiago blokezalek, eskalatzeaz gain, makina bat ekimenetan hartu dute parte. Lehenbiziko egunetan eginiko euria zela eta, antolatzaileek hainbat bloke estali zituzten eta euripean eskalatzeko aukera izan zuten. Barbara Zangerl eta Stefano Ghisolfi bloke gogor gehien sinatu zituzten espezialistak izan ziren.

p042_f01_250x204.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ez da lehen aldia Mellobloccori buruz hitz egiten duguna. Baina aurtengo ekitaldia hamargarrena izan da, eta oro har, azpimarratu dezakegu berezia izan dela oso. Berezia, gainera, alde guztietatik begiratuta ere.

Hamar egunez, apirilaren 26tik maiatzaren 5era, Val di Mello eta Val Masinoko blokeetan 3.000 lagun baino gehiago elkartu dira. Munduko bazter askotatik hurbildutako zaleak izan dira, eta aukera ederra izan dute ehunka blokeetan estutzeko eta ondo pasatzeko. Blokeaz gain, aipatu behar da haran horietan dauden pareta erakargarrietan ere eskalatzen aritu direla.

Hitz batean esanda, Melloblocco munduko blokezaleen elkargune garrantzitsuena da. Baina dena ez da eskaladan oinarritu; izan ere, antolatzaileek egitarau zabal zein oparoa prestatu zuten.

3.000 parte-hartzaile horien artean Laura Stella zegoen. Italiarra dugu eta orriotako laguna: «25 urte besterik ez dut, baina dagoeneko bost ekitalditan izan naiz. Aurrekoak oso bereziak izan dira, baina bukatu berri den hau are bereziagoa. Nahiz eta lehen egunean euria egin zuen, 300 bat Melloblockers (horrela izendatzen gaituzte topagune hauetan parte hartzen dugunoi) bildu ginen. Izena eman, kamiseta hartu eta eskalatzera abiatu ginen. Lehen ezustekoa antolatzaileek beraiek eman ziguten. Hainbat eta hainbat bloke estali zituzten, eta euripean eskalatzeko aukera izan genuen».

Nahiz eta baldintza egokienak ez eduki, hurrengo egunetan gero eta blokezale gehiago bertaratu zen. Horien artean, goi mailako espezialistak: Christian Aristizabal, Thomas Alessi, Yulia Abramchuk, Barbara Zangerl, Jenny Lavarda, Caroline Ciavaldini, Stefano Ghisolfi, Enzo Oddo...

Gozatu eta estutu

Stellak azpimarratu nahi izan du hamar eguneko jardunaldi hauetan blokearen kultura handia dela: «Maila guztietako lagunak elkartzen gara, baina argi geratzen da bildutakook asko bizitzen dugula eskaladaren modalitate hau. Erabat harritu gintuen emakumezko baten agerraldia. Bi haurrekin bertaratu zen: bata besoetan eta bestea haur-kotxe batean. Haurrak gurekin utzi zituen, eta han egon zen bloke ezberdinetan estutzen. Oso une berezia eta zirraragarria izan zen; den-denak ahoa zabalik utzi gintuen».

Zorionez, seigarren egunean eguzkia azaldu zen, eta horrek, besteak beste, giroa erabat alaitu zuen. Italiarrak adierazi digunez, azken bi egunetan Mellobloccok jende andana jaso zuen: «Asteburua izan zen, eta iragarpen guztiak bete egin ziren. 3.000 lagunetik gora bildu ginen! Nahiz eta milaka blokezale egon, antolatzaileen lana bikaina izan zen oso. Argi eta garbi dago egundoko eskarmentua dutela; hurbildutako guztiak ondo baino hobeto zaintzen gaituzte. Inolako zalantzarik gabe, 10 bat eman behar diegu».

Baina arestian aipatu dugun legez, topagune horrek egitarau zabal eta oparoa eskaintzen du. Eskalatzeaz gain, bildutako guztiek makina bat ekimenetan parte hartzeko aukera izaten dute. Stellak dio horretan ere antolatzaileek asmatu egin dutela: «Lehen egunean, adibidez, Marzio Nardi eskalatzailearen ikus-entzunezko eder batekin gozatu genuen. Hitzaldiak ere izaten dira. Adibidez, Mellobloccori buruz argitaratu berri duten liburuaren aurkezpenean makina bat eskalatzaile elkartu ginen. Oso interesgarria izan zen haran hauetan egiten denaren inguruko azalpenak entzutea. Bestalde, txalotzeko modukoa izan da elbarrientzat, itsuentzat... antolatu zituzten eskaladak. Edota haurrentzat prestatutako ikastaroak eta eskalatzeko guneak. Poetak, artistak, filmak, argazki eta bideo lehiaketa, musika DJekin... Zer gehiago eska daiteke?».

Horren guztiaren berri eman ondoren, gure berriemaileak dei berezia egin nahi die euskal blokeroei: «Jakin badakit Euskal Herrian blokezale piloa zaudetela, eta batzuk-batzuk hemengo blokeetan izan zaretela. Gonbidapen zuzena egin nahi dizuet: datorren urtean Mellobloccora etor zaitezte!».

Azkenik gogoratu behar dugu Mellobloccoko «txapelketan» nortzuk gailendu ziren. Nesketan, Zangerl austriarra (munduko txapelduna da) indartsuena izan zen, eta, mutiletan, Ghisolfi italiarra.

melloblocco

Italian blokezaleentzat egiten den topagunea arrakastatsua izan da oso. Eskalatzeaz gain, egitarau zabal eta oparoa izan zuten.

«Pura Vida» lanak irabazi du Trentoko alpinismoko film onenaren saria

Hurrengo lerrootan ere Italian geratuko gara. Izan ere, Trentoko Mendiko Zinemaldia amaitu berri da, eta aurtengo ekitaldian Euskal Herrian ekoiztu den film batek, «Pura Vida»-k, izan du protagonismoa. Bai, Pablo Iraburu eta Migeltxo Molina errealizadore nafarren obrak zinemaldi horretan alpinismoko pelikula onenaren saria jaso du.

61. ekitaldia izan du Trentoko Mendiko Zinemaldiak, eta gogoratu behar dugu nazioartean entzutetsuenetarikoa dela. Aipatu behar da, beste behin, azken ekitaldi hau arrakastatsua izan dela. Antolatzaileak bederen pozik daude: «Zinema areto guztiak gainezka izan dira, eta antolatu ditugun beste ekimenetan ere publiko andana izan da, batez ere Dolomitei buruz eginiko topaketan eta Reinhold Messner alpinista historikoak izan zuen hitzaldian».

Aurreratu dugun bezala, «Pura Vida» filma saritu dute; hots, Iñaki Otxoa de Olzaren erreskatearen inguruan Iraburu eta Molinak egin zuten pelikula. Betiere, epaimahaiaren arabera alpinismoko zinta onena izan da. Horrela bada, euskal ekoizpen honek dagoeneko hiru sari jaso ditu: iazko Mendi Filmekoa, aurtengo BNC Sports Film Festivalekoa eta Trentokoa. Italiako zinemaldi honetan guztira 26 zinta lehiatu dira. Eta horien artean sari nagusia eraman duena «Expedition to the End of the World» pelikula izan da. Groenlandian filmatutako pelikula hau Daniel Dencikek zuzendu du.

Epaimahaikideak honakoak izan dira: Pelin Esmer, Tizza Covi, Joni Cooper, Daniele Gaglianone eta Maurizio Zanolla. Epaimahaikideen saria Michelle Ibaven errealizadorearen «No hay lugar lejano» pelikulak eskuratu du. Beste protagonista bat Jerome Le Maire zuzendariaren «Le the ou l´electricite» filma izan da; izan ere, esplorazio eta abenturazko pelikula onenaren saria eraman du.

Andoni ARABAOLAZA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo