GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Shane Dorian: Urteko surflaria XXL sariketan

Shane Dorianek bi sari garrantzitsu eskuratu ditu XXL izendapenetan, urteko surflariaren eta tubo handienaren saria irabazi baititu.

p046_f02.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Shane Dorian eta Shawn Dollar izan dira aurtengo XXL sariketaren protagonistak; izan ere, surflari hauetako bakoitzak bi kategoria desberdinetan izendatua izatea lortu du. Alegia, Dorianek eta Dollarrek, bakoitzak bi sari eskuratu ditu.

Guztira zazpi izan dira aurten epaileek kontuan hartu dituzten kategoriak; urteko surflaria, arraun eginaz hartutako olatu handiena, olaturik garaiena (Tow-in), tubo handiena eta erorketa ikusgarriena dira nagusiak, eta horiez gain, olatu handi bat ongi menderatzeko gai izan den surflaria ere saritzen da. Azken kategoria hau, «Performance» kategoria bezala ezagutzen da eta mutilentzat zein neskentzat sari bana izaten du.

Hala ere, kategoria batzuek besteek baino ospe handiagoa dute. Urteko surflaria, tubo handiena edo arraun eginda hartutako olatuaren izendapenak adibidez sona handiagoko kategoriak dira, eta hori, sari gisa ematen den diru kopuruan ere ikusten da.

Diru sari handiena eta prestigio gehien duen saria urteko surflariarena izaten da. Aurtengoan Shane Dorianek irabazi du, eta 50.000 dolar amerikarreko saria eskuratu du. Dorianek tubo handienaren saria ere irabazi du, eta honela, beste 10.000 dolar gehiago irabazi ahal izan ditu.

Bi sari irabazi dituen beste lehiakidea Shaun Dollar da. Santa Cruzeko (Kalifornia) surflari honek Cortes Bank (AEB) urautsia ezin hobeto ezagutzen duela frogatu du, bertan hartutako olatuei esker eskuratu baititu arraun eginaz hartutako olatu handienaren saria eta urteko olatu handienaren saria. Gainera, errekor berri bat lortu du kaliforniarrak, arraun eginaz hartutako olatua, orain artean moto baten laguntzarik gabe hartu den handiena dela esan baitute adituek. Epaileen arabera, 61 oineko altuera zuen Dollarrek hartutako olatuak, alegia, ia 19 metroko garaiera.

Greg Long San Clementeko surflari ezagunak jaso du saririk aurtengoan ere. Mexikon, Puerto Escondidon arraunean hartutako olatu bati esker eskuratu du «Mens Performance» saria. Nesken kasuan berriz, sari hau eskuratu duen surflaria Keala Kennelly hawaiiarra izan da, Jaws izeneko urautsian hartu zuen olatu bategatik.

Epaileen arabera 2013an erorketa bortitzena izan duen surflaria Chris Shanahan danimarkarra izan da. Kategoria honetan, izendatua izateko bost hautagaien artean Axi Muniain zarauztarra aurkitzen zen, baina azkenean Shanahanen irudi beldurgarriak gailendu dira. Danimarkarra The Right izeneko olatu australiar bat hartzera zihoan unean goitik behera erortzen ikus daitekeen irudiak zirrara sortzen du dudarik gabe.

Beraz, lekuei dagokienez, berriz ere Hawaiiko Jaws urautsia izan da protagonista; izan ere, zazpi sarietako hiru han hartutako olatuei esker lortu dira. Lehiakideen artean berriz, baita ere Jawsen hartutako olatuei esker, protagonista nagusia Shane Dorian izan da.

2013ko XXL izendapenetarako hautatu dituzten surflarien artean bada behin eta berriz errepikatzen den izen bat, Shane Dorian. Hawaiiarrak lau kategoria desberdinetan lortu zuen hautagai izatea.

Izan ere, kategoria bakoitzean bost irudi dira aukeratuak; hau da, irudia da antolatzaileek kontuan hartzen dutena; eta ondorioz, kategoria berean birritan hautatua izan daiteke surflari bera, eta horixe bera gertatu da Dorianekin, kategoria berean hautagaitza bikoitza izan baitu, bi irudi desberdinekin.

Olatu handien XXL izendapenetan Dorian behin baino gehiagotan izan da saritua. 2006an, esaterako, tubo handienaren saria jaso zuen Teahupoko olatu erraldoi batean tow-in bidez hartutako tubo bati esker. Baina, lorpen garrantzitsuena iaz lortu zuen: arraun eginda Jawsen hartutako olatu batekin bi sari lortu zituen, tubo handienaren saria eta arraun eginaz hartutako olatu handienaren saria. Aurten ere, Jawsen hartutako olatuei esker eskuratu ditu bi sari nagusiak. Izan ere, hawaiiar honek ezin hobeto ezagutzen du Maui irlan aurkitzen den munduko olatu beldurgarrienetako hau. Ez diote alferrik deitzen «Jaws», alegia masailezurra.

Shane Dorian olatu handietan bakarrik ez, edozein motatako olatuetan bikain aritzeko gai da. Egun 40 urte dituen surflari honek hamaika urte egin zituen goi mailan lehiatzen. 1993. urtetik 2004. urtera ASP zirkuituko WCT itzulian aritu zen eta emaitza onak ere bildu zituen. 2000. urtean esaterako, berak irabazi zuen Mundakan egin zen munduko txapelketa.

XXL sariak eskuratzeko asko arriskatu behar da. Bizia bera ere kolokan egon daiteke zenbait olatu hartzerako orduan, baina Dorianek garbi dauka, bera ez da kamikaze bat: «Olatu handietan surf egitea beti da arriskutsua, baina nik ez dut hau egiten arriskutsua delako, olatu handietan surf egitea maite dudalako baizik. Egunaren amaieran etxera itzuli eta familiarekin egon nahi dut, beste edonork bezala».

Mike Stewart bodyboard zale mitikoarekin hasi zen itsasoratzen gazte zela Dorian. Ordutik sekulako ibilbidea egin du, eta gainera, oraindik zer erakutsi baduela frogatu du.

Dorian eta dollar

Zazpi sarietatik lau bi lehiakideren artean banatu dituzte. Izan ere, Shane Dorianek eta Shawn Dollarrek bina sari irabazi dituzte, batak Jawsen eta besteak Cortes Banken hartutako olatuei esker.

60.000 dolar

Shane Dorianek 60.000 dolar amerikar irabazi ditu guztira. Batetik, 50.000 dolar urteko surflari izendatua izateagatik. Eta bestetik, 10.000 dolar tubo handienaren saria eskuratzeagatik.

ez da kamikaze bat

Shane Dorianek garbi dauka, ez da kamikaze bat. Berak dioen moduan, «egunaren amaieran etxera itzuli eta familiarekin egon nahi dut, beste edonork bezala».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo