GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HERRI URRATS

Euskararen aldeko urratsak egiten jarraitzeko dei ozena

Hogeita hamar urte igaro dira, ikastolako guraso batzuek, kirol zapatila baten irudia eskuan, Herri Urrats ospatzeko asmoa azaldu ziotelarik garaiko Senpereko auzapezari. Urtez urte egonkortuz joan den abentura horren balantzea egiteko ordua iritsi zen atzo. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak hartu zuen hitza, euskara eta Seaska «kinka larrian» daudela erranez, eta euskararen alde borrokatzen jarraitzeko deia zabalduz.

p002_f01_111x111.jpg

Ainize BUTRON

Milaka izan ziren, beste behin ere, Senpereko aintziraren inguruan euskararen aldeko urratsak egitera hurbildu zirenak. Goizaldean eguraldiak itxura kaskar samarra bazuen ere, familiak, gazteak eta aitatxi eta amatxiak ikusi genituen Senpereko bazterrak betetzen, hizkuntzari eta gaur egun Ipar Euskal Herrian euskararen geroa bermatzen duten ikastolei sostengua erakutsi nahian.

Atzokoa, izan ere, ez zen beste edonolako Herri Urrats bat izan, duela 30 urte, 1984ko maiatzaren 13an, eman baitzituzten garaiko euskaltzaleek eta ikastoletako gurasoek lehen urratsak besta horren antolatzeko. Geroztik, urtez urte, Herri Urratsen zein ikastolen geroa bermatzen aritu diren belaunaldiak asko izan dira, eta aurtengo edizioa horren gogoratzeko unea izan zen.

Hala egin zuen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak, baina 30 urte horietan euskararen alde eman diren pausoen balantzea egiterakoan, gehienbat, egoeraren gordina ekarri zuen gogora. «Patxi Lopezen gezurrekin eta suprefetaren oztopoekin, Seaska eta ikastolak kinka larrian dira, orain dela hogeita hamar urte bezala», salatu zuen. Ipar Euskal Herrian euskara gainbehera doala, administrazioan hizkuntza ez dela mintzatzen, familia transmisio ez dela betetzen, euskararen eta lurraldearen ezagupenik ez dela, eta ondorioz, ospatzeko «gauza gutxi» dagoela ohartarazi zuen.

Herri Urratsen lehen urtetik gaur egun arte, Ikastolek garapen handia izan badute ere, beren 3.000 ikasle baino gehiagorekin eta 31 eskolekin, lorpen horiek «belaunaldi ezberdinen borondate eta izerdiari esker» izan direla goraipatu zuen.

Konpromiso handiagoa

Adierazpen horiek Herri Urratseko ekitaldi ofizialean egin zituen Paxkal Indok, bertaratu ziren agintari politiko, euskaltzale zein gizarte zibileko ordezkarien aurrean. Han ziren, besteak beste, Frederic Espagnac senatari sozialista, Cristina Uriarte Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Max Brisson UMPko lekuko burua, Marie-Christine Aragon Baionako Kontseilu Nagusiko kontseilaria, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen elkarteko lehendakaria, Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria eta Sylviane Alaux frantses parlamentari sozialista.

Eta, egoera kontuan harturik, Lakuako zein lekuko egitura publikoei konpromiso gehiago hartzeko eskatu zien. Indok gogoratu zuenez, Lakuako agintariei mahai gainean jarria diete galdera, Seaskak laguntzarik eskuratuko ote duen. «Guk erantzunak behar ditugu orain. Ez badira, erabaki gaiztoak hartu beharko ditugu ikastola berriak ez eginez. Zer erran nahi du horrek? Euskara oztopatzea Iparraldean, eta errudunak ez gara gu izango», gogoratu zuen.

Cristina Uriartek, bere aldetik, Gasteizko Gobernuak «euskararekin konpromiso irmoa eta sakona» duela nabarmendu zuen, eta era berean, Seaskak «euskararen berreskuratze prozesuan» egindako lana goraipatu zuen.

Frantses Gobernuari dagokionez, lege bat beharrezkoa dela aldarrikatu zuen Seaskako lehendakariak, duela 30 urte bezala, egungo Frantses Estatuaren hizkuntza politikak «euskara heriotzara» daramala ohartaraziz. Eta iaz matematikan baxua euskaraz egitea lortu zela gogora ekarri ondoren, ildo horretatik urrats gehiago egiteko ere eskatu zuen.

Aurtengo Herri Urratsen leloak, «Hogei eta abar urte...» , inoiz baino oihartzun handiagoa izan du, Seaskaren lehendakariaren hitzetan. Bete diren urte luze horiek, geroan ere bete beharrekoak izango direla argi utzi nahi izan zuen Indok bere adierazpenetan. Eta borrokan segitzeko behar hori berriz ere agerian geratu dela azpimarratu zuen, hain zuzen ere, Hizkuntz Gutxituen Karta berresteko orduan frantses Kontseilu Konstituzionalak erran baitu «antikonstituzionala» dela.

Hori dela-eta, datorren asteazkenean, frantses estatuko hizkuntza gutxitu guztietako ordezkariek elkarretaratzea egingo dutela iragarri zuen. Parisko UNESCO erakundearen egoitzaren aurrean egingo dute, nazioarteari «asilo kulturala» eskatzeko.

Aitatxi eta amatxiak

Hogeita hamargarren urteurrena xumeki ospatu zuen, beraz, Seaskak. Lehenik, diskurtsoaren bidez goraipatu zituzten egun osoan aintzirako bazterrak bete zituzten milaka herritarrak. Eta, ondotik, aurten erretiroa hartu duten bi irakasle omendu zituzten, «bizi osoa, anitzek bezala, ikastoletan pasa baitute eta bizitza ikastolari eman baitiote». Baina omenaldi hunkigarriena bukaerakoa izan zen. Duela 30 urte Herri Urrats ahalbidetu zuten egungo aitatxi eta amatxi guztiak omendu zituzten, ikastolan izandako lehen ikasleek eta egungoek elkarrekin aurresku bat eskainiz.

Nolanahi ere, ekitaldi ofiziala atzo Senperen bizi izan zen egunaren zati txiki bat baizik ez zen izan. Iazkoarekin alderatuta, jende gutxiago sumatzen zen Herri Urratsen, baina oro har, giro atsegina nagusitu zen bestan. Nafarroa, Zuberoa, Baxenabarre, Lapurdi, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, hots, Euskal Herriko zazpi probintzietako euskaltzaleak bertaratu ziren umeekin egun goxoa pasatzeko edo besta egiteko. Umeek, bereziki, izan zuten jokoez gozatzeko parada ederra, aurten hiru haur txoko jarri baitituzte antolatzaileek. Goizeko bederatziak zirela, gurasoak ikusi ziren gehienbat agertzen, beraien taloak egiteko, izozkiak, kafea edo edariak saltzeko, bazkariak prestatzeko edo aparkalekuak kudeatzeko lan txandetan lekutzeko asmoz. Hamaikak arte itxaron behar izan zuten lanean hasteko, tenore horretan hasi baitziren gehienbat euskaltzaleak aintzirara inguratzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo