Inputatuak Nafarrateren kasua salatzeagatik
Xuban Nafarratek jasotako erasoa salatzeko antolatu zen manifestazioan Ertzaintzak identifikarazi zituen zazpi gazte inputatu ditu Gasteizko epaile batek. Fiskalak bi gazterentzat lau urteko zigorra eskatzen du desordena publikoetan parte hartzeagatik eta agintariei erasotzeagatik.
I.SALGADO-M.PASTOR | GASTEIZ
Epaileak 17 urteko kartzela zigorra eskatu du Xuban Nafarrate gaztearen omenez M15 mugimenduak antolatu zuen manifestazioan Ertzaintzak identifikarazi zituen zazpi gazteentzat. Atzo Edurne Garciak, Gasteizko haserretuen kanpaldiko kideak, azaldu bezala, 2012ko martxoaren 30ean izaniko manifestazio hori normaltasun osoz joan zen Euskal Autonomia Erkidegoko poliziak protestan bildutakoei oldartu zitzaizkien arte.
Garciak azaldu zuenez, hasieran ertzainek identifikarazi zituzten zazpi gazteei falta egitea egotzi zien jardunbidea bideratu zuen epaileak, baina orain, fiskalak aurkeztutako helegitea onartu ondoren, aldatu egin dira karguak. Hala, fiskalak eskatzen duen gutxieneko zigorra hemezortzi hilabetekoa da. Beste bi kasuetan, lau urteko zigorra eskatzen du gazte bakoitzarentzat.
Halaber, Joseba Nafarratek, Xubanen aitak, gogor salatu zuen zazpi gazteon egoera, eta horrez gain, bere semearentzat justizia eskatu zuen. Horren harira, jarri zuten salaketa artxibatzeko erabakiaren aurka helegite bat aurkeztu duela iragarri zuen Plazara! mugimenduak burututako prentsaurrekoan.
Bukatzeko, Zaramagako Memoria Gunean bildutakoek iragarri zutenez, datorren astelehenerako Iñigo Cabacasen heriotzari buruz Karlos Trihuequek egin duen dokumentalaren emanaldia antolatu dute Florida zinemetan.
Iñigo Cabacas
Bestalde, Bilbon, Iñigo Gogoan herri ekimenak bere lehendabiziko urtearen balorazio egin zuen. Haien esanetan, Iñigo Cabacas gaztearentzat justizia exijitzeaz gain, «polizia eredu ustel honen inguruko hausnarketak lehen lerrora pasatzea lortu dugu. Agintean daudenen zain egon gabe, euren itxurakeria azaleratuz».
Zentzu horretan, sentimendu «gazi-gozoa» dutela onartu zuten ekimenaren partaideek. Batetik, pozik daude hilketa honen inguruan piztutako kontzientziaz: «Nabaria da gero eta jende gehiago nazkaturik dagoela gaiarekin, urteurreneko ekimenetan ikusi ahal izan dugunez».
Halere, oraindik alde ilun asko daude argitzeko, Iñigo Gogoan-en ustetan. Nagusia, polizia ereduari dagokiona: «Ez dago ulertzerik, oraindik jarrera oldarkorrez gomazko balak erabiltzen jarraitzea, identifikazio zenbaki agerikorik gabe eta aurpegia estalirik eramatea».
Ertzaintzaren arduradunei ere bideratu zizkieten kritikak: «Badirudi aldaketak burutzeaz arduratzen diren horiek entzungor daudela eta ez dutela ezertxo ere mugitu nahi. Zergatik? Guk gure hautua egin dugu. Gaia leherraraziko dugu eta behingoz joko zikin hau amaitu».