GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekainaren 1eko mobilizazioa «historikoa» izateko deia zabaldu du euskalgintzak

Parisek euskarari jartzen dizkion oztopoen aitzinean, Euskal Konfederazioa konbentzitua da «euskararen normalizazioa» lortzeko aterabide bakarra Lurralde Elkargoa dela, eta euskaltzale eta euskaldun guztiak ekainaren 1eko manifestaldian parte hartzera deitu zituen atzo.

Ainize BUTRON | BAIONA

Lurralde Elkargoaren alde ekainaren 1ean Baionan eginen den manifestaldiak «handia» izan behar duela goraipatuz, euskaltzale eta euskaldun guztiak mobilizazioan parte hartzera deitu zituzten atzo Euskal Konfederazioko kideek.

Euskal Konfederazioaren barnean biltzen diren AEK, Seaska, Euskal Irratia, Biga Bai eta Ikas pedagogia zerbitzuak dei bateratua egin zuten, eta ekainaren 1ekoak «mobilizazioa historikoa» izan behar duela goraipatu zuten, «Parisek gure ahotsa entzun dezan».

«Beste sektore eta hautetsien ondoan, euskaltzale guztiak deitzen ditugu historikoa izan behar duen mobilizazio horretan parte har dezaten», erranez zabaldu zuten deia. Mobilizazio horren garrantzia goraipatzeko, azken urteotan frantses agintari ezberdinek promesak egin arren, «hizkuntzen biziraupena eta garapen osoa segurtatzeko» Frantziak ez duela lege mailako neurririk hartu salatu zuten.

Azken albisteak gogora ekarri zituzten, «egoera deitoragarri hau» agerian uzteko: Frantziak ez du Eurokarta berretsiko, Peillonen hezkuntza legean lurralde hizkuntzen aipamenik ez da, hizkuntza legerik ez da, eta Kultura ministroak eratu duen Eskualde Hizkuntzen Batzordearen misioak ez dira argiak.

Errealitate hori kontuan harturik, Lurralde Elkargoa hizkuntzaren normalizaziorako «tresna oso garrantzitsua izango dela konbentzituak» direla nabarmendu zuen, bere aldetik, Jakes Bortahiru AEK-ko koordinatzaileak. «Iparraldean normaltasun osoz euskaraz bizi ahal izateko bidea luzea bada oraino, zalantzarik ez da Lurralde Elkargo baten sortzearekin urrats garrantzitsua eginen litzatekeela», gehitu zuten Euskal Konfederazioko kideek.

EEPren desagerpena

Korsikako Asanblean egunotan eztabaidatzen ari diren erabakia -korsikeraren koofizialtasuna- adibidetzat hartu zuen Sebastien Castet Euskal Konfederazioko ordezkariak. Ipar Euskal Herriak instituzio berezkoa balu, «horrelako delibero bat hartzen ahalko» lukeela oroitarazi zuen.

Gaur egun Ipar Euskal Herrian euskarak duen egitura bakarrak, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), ez duela horrelako lege bat egiteko gaitasunik zehaztu zuen. «Bere barne araudietan ekintzak eragileen borondatearen arabera finkatzen ditu ekimenak. Lurralde Elkargoa bagenu, euskarari aitorpen ofiziala ematen ahalko genioke», argitu zuen.

Azkenik, deszentralizazio lege berriarekin pays egitura desagertzear dela gogoratu zuten. EEP egitura horri estuki lotua denez, «desagertzear» dela gaineratu zuen.

Korsika

Atzo eta gaur, Korsikako Asanblean eztabaidatzen ari dira uhartean korsikerari koofizialtasun estatusa emanez, arloz arlo, korsikera hiztunen hizkuntz eskubideak babesten dituen deliberoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo