GARA > Idatzia > Kultura

Musika ikuspegi feministatik aztertu eta gozatuko da Zarautzen MEFSST! jardunaldietan

Musika Errebolta Feminista jardunaldiak ospatuko dira gaur eta bihar Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Musika transgresoreetan emakumeak duen presentzia eskasa eztabaidatu eta kontzertuak ere izango dira.

A. ARRUTI | ZARAUTZ

Zenbait musika mugimenduk ezarritako arauen aurka nola egin duten ikusi baina genero ikuspegitik oraindik ere gainditzeke daudenak kezkatuta, MEFSST! Musika Errebolta Feminista jardunaldiak antolatu dituzte Bilgune Feministak eta Zarauzko Putzuzulo gaztetxeak. Bi egunez, aztergai izango dute, besteak beste, zergatik ez den Riot Grrrl mugimendua Euskal Herrian hedatu, edo euskal punk mugimenduan, eta orokorrean mundu zabalean, zer dela-eta dauden emakumez osatutako hain talde gutxi.

Horretarako, gaur arratsaldean bi dokumental eskainiko dira 19.00etatik aurrera. Riot Grrrl mugimenduaren inguruko «From the back of the room» eta ondoren «Sex & Pop», emakumeak pop musikan duen papera aztertzen duena. Ikusitakoaz hitz egiteko, piskolabisarekin amaituko da arratsa.

Larunbatean goizetik hasiko dira ekitaldiak. 11.00etan jam saioa izango da haurrentzat eta 16.00etan, emakumeentzat. Musika instrumentuak gaztetxean bertan egongo dira. 18.00etan hasiko den mahai-ingururako bi galdera luzatu dituzte: Zergatik musika transgresoreek ez dituzte sexu bereizkeriak gainditu? Zein izan da emakumeon papera hardcore/punk eszenan?

Bestela ezin, eta gauean kontzertuekin biribilduko dituzte jardunaldiak. Emakumez osatutako hiru talde izango dira: Conejillas Vill, Shockasalto eta Pottors ta Klito. Sarrerak lau euro balioko ditu eta gaualdean DJ Korta y pegarekin jarraituko du jaiak.

Emarock jaia Bilbon

Emakume musikariak ezagutzera emateko sortutako Emarock elkarteak ere bihar ospatuko du bere jaia. Bilboko Izarbeltz Ateneoan izango da.

Duela urtebete inguru elkartea sortu zenean abiatutako dokumentala izango da ikusgai 19.00etan, emanaldi akustikoekin lagunduta. 20.00etan, berriz, kontzertuak hasiko dira: Humus, Gaur ez, Endemaño, Las Tuerkas eta DJ Lucy Ramone izango dira bertan.

Ficha

Obra: «Kooza».

Autor y director: David Shiner.

Producción: Cirque du Soleil.

Lugar y fecha: Carpa blanca - Explanada Botica Vieja - Deusto, Bilbo. 15-5-2013.