GARA > Idatzia > Euskal Herria

Osasun arreta eskubidea dela gogorarazi dute

Donostian, baita Bilboko Ezkerralde eta Meatzaldean ere, pertsona guztiek osasun arreta duin baterako eskubidea dutela aldarrikatu zuten. Besteak beste, berrordainketa indargabetzea, osasun txartelak baldintzarik gabe eskaintzea eta aldizkako azterketa ginekologikoak eskatu zituzten.

p013_f02.jpg

GARA |

Osasun arretaren unibertsaltasuna aldarrikatzeko Jatorri Anitz, Herri Bat dinamikak elkarretaratzea egin zuen atzo Donostiako Ospitaleko atarian. Eskubide honen gainean egiten diren urraketak ere salatu zituzten, eta Lakuari eskatu zioten lurraldeko herritar ororen osasun arreta bermatze aldera lan egin dezala. «Guretzat Gipuzkoan bizi garen pertsona guztiok gipuzkoarrak gara, edozein dela gure jatorria, eta ondorioz, euskal herritarrak. Gure konpromisoa da lan egitea gipuzkoar guztiok eskubide eta aukera berdintasuna bermaturik ikus dezagun», adierazi zuten.

Hurrengo egunetan egoera hau gizarteratzeko eta irtenbideak eskatzeko talde politikoekin bilerak egin nahi dituzte, «diagnostikoan jasotako egoera partekatzeko eta irtenbideak bilatzeko». Era berean, ospitale eta anbulatorioetako gerentziekin jarriko dira harremanetan helburu berberarekin.

Ezinbestekotzat dituzten baldintzak dira, besteak beste, pertsona orori osasun txartela eskaintzea, denei bermatzea familia medikua, osasun arreta normalizatua bermatzea larrialdietara jotzera behartu gabe, osasun arretako zerbitzuen fakturazioa indargabetzea eta botiken berrordainketaren ondorioz sorturiko trabak indargabetzea.

Emakumearen osasuna

Hori ez zen osasun arloan atzo egin zen aldarrikapen bakarra izan. Barakaldon, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Emakumeen Kolektiboek «Emakumeok arrazoi osasuntsuak ditugu protesta egiteko» kanpaina aurkeztu zuten, hilaren 28an ospatzen den Emakumeen Osasunaren Nazioarteko Egunari begira.

Kezka eragiten die, esaterako, Osakidetzak aldizkako azterketa ginekologikorik ez eskaintzea gaixo sintomarik gabeko emakumeei. Arreta hau eskaintzea ezinbestekoa dela gogorarazi zuten, umetoki eta bularreko minbizien prebentziorako garaiz atzematea gakoa baita sendatu ahal izateko.

«Beste behin baliabide ekonomiko urriak dituzten emakumeak izango dira kaltetuenak, aldizkako azterketa ginekologikoen deuseztatzeak medikuntza pribatura bultzatzen baititu», salatu zuten agerraldian.

Aldizkako azterketa ginekologikoez gain, antisorgailuez baliatzeko eta haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea aldarrikatu zuten, baita sexualitate eta menopausiari buruzko informazioa eskura izatea ere.

Hilaren 28an ospatzen den egunaren harira, halaber, igandean «Km 1 emakumeen osasunaren alde» martxa abiatuko da. Elkarte ezberdinek deitutako manifestazioa Anoeta estadiotik abiatuko da, 12.30ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo