GARA > Idatzia > Kultura

Jon Arretxek «612 euro» nobela berrian Toure afrikarraren istorio gehiago plazaratu ditu

Bilboko San Frantzisko auzoan bizi da Toure. Bat-batean bere ustezko anaiaren bisita jasoko du etxean, eta buruhauste galantak ekarriko dizkio. Bitartean, ahal duen moduan, baikortasunez egingo du aurrera.

p051_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Toure pertsonaia berreskuratu du Jon Arretxe idazleak bere nobela berrian. «612 euro» (Erein) lanean Bilboko San Frantzisko kalera eramango gaitu, bertako atzerritarrek, gehienak arraza beltzekoek, jasan behar dituzten egoeren berri emateko.

Basauriko idazleak 2012an «19 kamera» eleberriarekin hasi zuen bideari jarraipena eman nahi dio. Aspaldikoak dira «Ostegunak» (1997), «Ostiralak» (1999) eta «Larunbatak» (2001) umorezko narrazioak, eta horiek alde batera utzita nobela beltzari heldu zion Arretxek. «Sustrai beltzak» (2006) edo «Xahmaran» (2009) bezalako nobelekin kontakizun gordinak ekarri zituen paperera, eta generoaren barnean bestelako ziklo bat hasi behar zuela erabaki zuen.

Hala, iaz kaleratu zuen «19 kamera» nobelan, hasierako istorioen umorea eta ondorengo liburuen gordintasuna nahastu zituen. Toure pertsonaia aurkeztu zigun, San Frantzisko auzo bilbotarrean bizi den gizon beltz bat. Istorioak izan zuen arrakasta ikusita bigarren zatia idazteari ekin zion, eta atzo liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez, hirugarren bat gutxienez izango da. «612 euro» lanak Bilboko auzoan bizi diren gehienen gorabeherak kontatzen ditu, bertan bizi den baten ikuspegitik kontatuta. «Irakurleek esaten didate Toure pertsonaia gustuko dutela», azaldu zuen Arretxek. Lehenengo nobelan muturra sartu behar ez zuen lekuan sartzeagatik ez da oso maitatua, ordea, San Frantziskoko polizien artean. Gainerako afrikarrek begirunea diote aztia dela uste baitute. Tourek badaki iruzurti bat dela, baina dirua behar duenez aztiarena egingo du. Bilbo zuriko emakume aberatsek bestelako lanak eskatzen dizkiote gure lagunari; Tourek prostituziora joko du inolako lotsarik gabe.

Bere egoeraz jabeturik, afrikarrek izan ohi duten baikortasunaz begiratzen dio bizitzari eta ahalik eta hoberen bizitzen saiatzen da, San Frantziskon egun batean ezusteko bisita duen arte. Bere ustezko anaia bat agertuko zaio etxe aurrean, eta berari lagundu ostean sekulako buruhausteak sortuko zaizkio.

Atzerritarrak

Lehengo eta oraingo San Frantziskoren arteko konparaketa bat ere bada istorioa, eta kritika soziala egiten du. «Lehen auzoa Miribillako mehatzetan lan egitera Estatuko hegoaldetik etorri zen jendez beteta zegoen, orain gehienbat afrikarrak daude, baina biak dira atzerritarrak, biek jasan dituzte egoera latzak», aipatu zuen idazleak. Hala ere, ez zuen aukera galdu nahi izan San Frantzisko auzoan egiten dituzten ekitaldi politak eta integratzaileak aipatzeko. Adibidez, bertan sortu zen «Munduko Arrozak» festa gastronomikoa.

LETRAK AUZOTIK

Nobela idazteko San Frantzisko auzoan bizi izan da Arretxe, bertako jendearekin, eta haietan oinarritu da zenbait pertsonaia sortzeko. Nobela beltza izanik, gehienbat auzoaren ezaugarri negatiboak ageri dira, baina idazleak argi utzi nahi du dena ez dela horren ilun.

UZTA GORRIA

Arretxek betidanik idatzi izan du euskaraz gaztelaniaz baino gehiago. Hala ere, «612 euro» nobela gazteleraz ere kaleratu dute Euskal Herritik kanpo ere zabaldu ahal izateko. Erein argitaletxeko Uzta Gorria saila hainbat liburu azokatara eramango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo