GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

EAJ, lan harremanen euskal esparruaren alde?

Lan harremanen euskal esparrua ez da atzo goizeko aldarrikapena, eta are gutxiago inoren apeta, baizik eta herri honen antolaketa eredu sozioekonomiko propioa garatzeko aspaldiko apustua, langileentzako eta oro har euskal gizartearen beharrak asetzeko tresna. Azken urteotan, gainera, askoz argiago sumatzen da haren beharra, egoerak berak agerian utzi baititu Madrilgo erabakien mendeko politikek eragindako kalteak. Aste honetan bertan, Iñigo Urkullu lehendakariak, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaiderekin bildu zenean, lan harremanen euskal esparrua bultzatu beharra nabarmendu zuen, batez ere Gobernu espainolaren lan erreformaz geroztik. Atzo, hiru egun geroago, ordea, Gasteizko Legebiltzarrak atzera bota zuen itun kolektiboak ultraaktibitatearen aurrean blindatzeko proposamena. Espero izatekoa zenez, indar konstituzionalista espainiarrak EH Bilduren proposamenaren aurka agertu ziren, baina EAJk ere haren aurka bozkatu zuen. Lan harremanen euskal esparruaren alde agertu bazen ere, argi utzi zuen «indarreko legediaren aurreko intsumisioa» baztertzen duela. Beraz, EAJk ez du lan erreformari aurre egiteko inongo asmorik. Bere lan harremanen euskal esparruaren aldeko apustua ez doala hitzetatik harago erakutsi zuen. Beste hainbat kontutan bezala, bere benetako apustua, hitzak hitz, ez dela harako «Espainian eroso» hartara ere iristen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo