GARA > Idatzia > Euskal Herria

kronika | ikertzaile gazteen zientzia azoka

Paisaia behatu eta irtenbideak bilatu dituzte ikasleek

Elhuyarren Teknoskopioa lehiaketan, gazteek proiektu baten prozesu osoan hartu dute parte: ideia sortu, prozedura diseinatu, gauzatu, ondorioak atera eta jendeari komunikatu. Azoka egin zuten atzo Donostiako Gipuzkoa plazan eta sariak banatu zituzten. Epaimahaiak nabarmendu zuen ikasleak gai izan direla egunerokoari erantzuteko lan egiteko.

p017_f01.jpg

Maider IANTZI

Lauro ikastolako Ibon Intxaurrari eta Xabier Cenicelayari eman zioten sari nagusia «Euri azidoaren euritakoa» lanagatik: apirilean Katalunian izanen den Exporecerca zientzia azokan Euskal Herria ordezkatzea. Tecnalian egonaldiak eta produktu sortak ere banatu zituzten. Eta, garrantzitsuena, ikasleek beren lana gizarteratzeko aukera izan zuten. Zientzia zaleentzat gozamena zen Gipuzkoako Foru Aldundiko arkupeetan geldialdi bat egitea. Hurbildu eta gazteak, 14 eta 18 urte artekoak, pasioz hasten ziren ikasturtean landutako ikerketa proiektuen eta proiektu teknologikoen berri ematen. Nabari zen gogor saiatuak zirela, gustura arituak zirela eta anitz ikasia zutela ere bai. Motibazio handia sumatzen zen eta anitzek zientzia arloko ikasketak aukeratzeko asmoa zutela kontatu zuten, gero ikertzaile gisa lan egiteko.

Iritsi orduko joan zitzaizkigun begiak Laura, Maider eta Anabelen maketara eta Pasaiako portuaren inguruko egitasmoa aurkeztu ziguten. La Anunciata ikastetxeko ikasleek bertako fauna eta flora aztertu dituzte, baita garbitasuna eta zikintasuna ere. Urteetako emaitzak alderatu eta ura gero eta garbiago dagoela ikusi dute, nahiz eta zonalde zikinago batzuk izan.

Uraren gainazala egunero garbitu eta jendea kontzientziatu behar dela ondorioztatu dute. Interesgarria iruditu zaie egoera nolakoa den behatzea eta irtenbideak bilatzea. «Askotan, eguneroko paisaia ikusi baina ez dakigu zer gertatzen den ikerketa hauetan sartzen garen arte», azpimarratu zuten. Ikasitakoa jendeari esplikatzen ere gustura zebiltzan. Denetarik zegoen, pasatzen ziren batzuek denborarik ez zutela zioten eta bertzeek interes handia azaltzen zuten gazteen egitasmoa ezagutzeko.

Xaboia egiteko etxetresna

25 taldek Gipuzkoa Plazan lanak erakusten zituzten bitartean, Aldundiaren barrenean hamar finalistek beren egitasmoak defendatu zituzten epaimahaiaren aitzinean, ongi defendatu ere, mozorrotuta, parodiak eginez eta ederki komunikatuz. Ikaskideak eta bertze eskoletako neska-mutilak adi-adi zituzten.

Gasteizko Jesus Obrero Egibideko Mikel, Eneko eta Olatzek olio erabiliaz xaboia egiteko etxetresna bat sortu dute DS automatizazio enpresaren laguntzarekin. Betiko xaboia lortu dute, guztiz naturala. Oraingoz makina handi samarra da etxeetarako, baina txikitu eta egokitzen dutenean, industrializatu nahiko lukete. «Hurrengo kurtsoan, ea horrela gure lanak naturari laguntzeko balio duen!».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo