GARA > Idatzia > Mundua

Lagarde auzipetu dezakete, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik

Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria auzipetu dezakete, fondo publikoak bidegabe erabiltzeagatik. Atzo Parisko Justizia epaitegian deklaratu zuen, Bernard Tapie enpresariari eta Nicolas Sarkozy presidente ohiaren lagunari emaniko kalte-ordainengatik.

p023_f02.jpg

GARA |

Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendari Christine Lagarderen aurpegiak lasaitasuna islatzen zuen atzo Parisko Justizia epaitegira iritsi zenean. Autoz joan zen. Ordu erdi baino gehiago aurreratu zen. Deklarazioak gaur jarraituko du. Bukatzerakoan jakinaraziko dute epaimahaia osatzen duten hiru epaileek Lagarde auzipetzen ote duten fondo publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta faltsutze lanean konplize izateagatik. Izan ere, bera ikertzen ari dira Frantziako Ekonomia eta Ogasun ministro zela Bernard Tapie enpresariari 285 milioi euroko kalte-ordaina emateagatik.

1992an, Adidas kirol jantzien enpresa saltzeko enkargua eman zion Tapiek Credit Lyonnais bankuari, Estatu frantsesaren eskuetan zegoela. Salmenta prezioa merkeegia izan zela iritzita auzitara jo zuen Tapiek, baina epaitegietara jo beharrean, Lagardek berak arbitraje batzorde baten esku utzi zuen afera konpontzeko ardura.

Batzorde horrek 2008ko uztailean arrazoia eman zion Tapieri, Nicolas Sarkozy presidente ohiaren laguna eta Hirigintza ministro izandakoa. Hari 285 milioi euro ordaintzeko agindu zuen, 400 milioi ordutik honako interesak gehituta.

Auzi horren barruan, pasa den martxoaren 20an, Poliziak Lagarderen etxea miatu zuen Justizia epaitegiaren aginduz. Auzipetua izanda ere, Lagarderen gain erabateko konfiantza dutela plazaratu du Finantza ministroak, Pierre Moscovicik.

Dena den, Najat Vallaud Belkacen gobernu bozeramailearen hitzetan, NDFri dagokio Lagardek auzipetua izanez gero zuzendari izaten jarraituko duen ala ez erabakitzea. «Baina halakorik ez litzateke gertatuko Gobernu frantsesean. Joko-arau oso argiak ditugu. Estatuak bere interesak defendatuko ditu iruzurra egon zela egiaztatzen bada», RMC eta BMC TV kateetan eginiko elkarrizketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo