ZUZEU | Iñaki Larrañaga, 2013/6/3
Harakinik gabeko harategiak
Okela beharrean okelaren irudiak. Fruten lekuan itsasgarri frutadunak. Maiz Ipar Koreako dendei egotzi zaien irudikeria Europan bertan existitzen da, gordin-gordin. Azken astean horren lekuko izan dira Irlandako Fermanagh eskualdeko gizon-emakumeak.
Halako trikimailua zer dela eta gauzatu den ondo aski dakite Fermanagh-eko 60.000 biztanleek. Munduaren aurrean aurpegi ederrena erakutsi nahi dute ekainaren 17an eta 18an. Nazioarteko komunikabide guztiak inguruetan hartuko dute ostatu, G8 munduko zortzi herrialde boteretsuenen 39garren goi bileraz informatzeko.
(...) Eirne laku inguruko herrixketako 100 denda baino gehiago itsasgarriz estali dituzte. Itxitako dendak apaintzerako orduan produktuz betetako guneak irudikatu dituzte. Ateak zabal-zabal dituzten harakinik gabeko haragitegiak, esate baterako. Bulego sofistikatuen itxura ere eman diete krisiak itxitako farmaziei. Aldiz, inork erabiltzen ez dituen biltegien hormetan eskualdeko ingurugiro aberastsa erakusten duten kartelak jarri dituzte. Aurpegia garbitzeko planak ehunka milaka librako gastu publikoa erabili du. Gizarte eta Ingurumen Garapenerako Sailak ordaindu ditu itsasgarriak, (margolarien zorionerako).
Merkatal sare bizi-bizia erakutsi nahi dute porrot eginiko negozioak dauden lekuan. Nola ez, iruzurrarekin harri eta zur daude bizilagunak. (...)
Irish Times egunkariak tokian-tokiko agintari Brendan Hegarthy-ren lekukotasunek zera dio: «Eskualdea ahalik eta ederren erakusten saiatu behar gara turismoa eta industria erakartzeko».
Hori bera egin dute: itxurakeriaren mundua muturreraino eraman. Neoliberalismoaren attrezzo xarmanta sortu dute, balizko etekin batzuen izenean. Miseriak alfonbra azpira 48 orduz, eta gero ikusiko da. Zer izango ote da hurrena, Fermanagh-eko bizilagunek derrigorrez irribarre egiteko dekretua?