GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gotzon Elizburu | Ernai-ko bozeramailea

Gazteon langabezia eta hazkunde ekonomikoaren falazia

 

Ez dakigu oso ongi zergatik, baina bat-batean gazteon langabezia lehen mailako kezka iturri bilakatu da. Orain. Ez lehenago. Sekula izan den belaunaldi prestuena, ikasiena, lehiakorrena galtzeko zorian da. Langabezia datuak asaldagarriegiak dira besoak gurutzatuta geratzeko. Azkar ahaztu zaie, ordea, Felipitok eta Ongizate Estatuaren gainontzeko defendatzaile sutsuek ETTei eskua eman zienetik hona, hazkunde garai loriatsuetan ere gazteok bizi izan dugun prekarietate egoera gordina. Espekulazioaren burbuilak eztanda egin du. Gazteon lepoko zainak ez ordea oraindik, eta hori saihestu beharra dago.

«Zaharrunoen» zera izango da, baina arazo zaharrei at(z)erabide zaharrekin iskin egin nahi diete. New deal berria deritzote kontinente zaharreko agintari ei direnek. Bi proposamen. BAT: diru injekzioa enpresei, lan bila lehenengoz dabiltzan gazteak kontratatzeko, «malgutasun» osoarekin noski. BI: «mugikortasuna» errazteko planak.

Neurri horiei, erantsi Espainiako Gobernuak inposatutako Lan Erreforma edo Frantziako Gobernuak azken boladan gazteon kontratazioa errazteko egin dituen erreformak, eta miseria gorria zer den ezagutuko dugu. Horixe egin du Urkulluk bere en- plegu planean, esaterako: 600 euroko diru laguntza emango ei die lau hilabetez, lehen aldiz lanean hasten diren gazteak kontratatzeagatik. Hau da, 2.400 euro opari. Ze soldata izango du gazteak? 400 euro. Horrekin batera, atzerrian lan praktikak egiteko egitasmo eta planak. Gero, lotsagabe esango dute, enpresari eta langileen artean lan harreman eredu berriak behar direla, borroka aspaldiko kontua dela.

Langabezia edo atzerria. Gero eta gazte gehiagok egin behar dugun hautu gogorra da. Sistema kapitalistaren erbesteratuak gara. Pobrezia areagotzen den herrialdeetako joera izan ohi da bertatik alde egitea, behartuta, bizimodu hobearen alde. Merkatuaren globalizazioak pertsonak merkantzia merke bilakatu gaitu, munduan zehar prekarietatearen sare erraldoia hedatuz, malgutasun eta mugikortasunaren izenean. Hala, kapital finantzarioak eta multinazionalak gure bizitzen jabe egin dira, lana deslokalizatuz, pertsonak deslokalizatuz, eta ondorioz erabakiak deslokalizatuz.

Argi eta ozen esan behar da kontu bat. Aipatutako neurriak ez dira krisia gainditzeko politikak. Eskulan merkearen truke gutxi batzuk aberasten jarraitzeko trikimailuak dira, soluzioaren zelofanarekin saltzen dizkiguten arren. Horrek, aberats eta pobreen arteko aldea handitzea besterik ez dakar. Ez soilik lehengaiak dituzten herrialdeetan, baita euren bizkar bizi garen mendebaldeko herrialdeetan ere.

Baina lanaz hitz egitean, beste galdera bat da egin beharrekoa. Lana zertarako? Ezker zein eskuin, azken boladan aldarrikapen bilakatu da gezur handi bat: enplegua sustatuz hazkunde ekonomikoa berpiztu eta krisitik aterako gara. Baina krisi sistemiko hau ez da hazkunde ekonomikoarekin gaindituko. Alderantziz: amildegiaren ertzean aze- leragailua gehiago sakatzea da hori. Ahaztu al zaizkigu ba krisi ekologiko, energetiko, demografiko, eta abar luze larriak?

Lehergailua dugu esku artean. Lanpostu duinen eta eskubideen aldeko borroka ezin da lehengo bizimodu eta kontsumo mailara itzultzeko borroka bilakatu. Euskal Herrian dugun bizimodua esplotazioan oinarritzen da.

Zaila da kapitalismoaren gurpil zorotik ateratzea; frenoa sakatzea amildegian behera eror ez gaitezen. Hori baino gehiago beharko da, ordea, mundu eta Euskal Herri justu eta orekatua nahi badugu.

Kontraesankorra eman badezake ere (edo kontrakulturala) globalizazioak zulora garamatza, kapitalak ez baitu pertsonengan eta lurrarengan pentsatzen. Etorkizuna ezinbestean lokalean dago, eta horrek erabakitzeko eta egiteko ahalmena gure eskuetan dagoela sinestera garamatza. Burujabetza da gakoa. Herriok eta herritarrok boterea berreskuratu behar dugu.

Lanari buruz berba eginez hasi dut artikulua. Atzerrira joatera behartzen gaituzten honetan, gazteok Euskal Herrian lan egin eta bizitzeko eskubide eta nahiaren alde borrokatu behar dugu. Kapitalak inposatzen dituen neurriei kontra egitetik harago, eraikuntza ikuspegian kokatu behar ditugu estrategiak, Euskal Estatuaren oinarri politiko, ekonomiko eta sozialak martxan jarriz.

Horretarako, tokiko garapen estrategiak pentsatu eta egin behar dira, eskualdez eskualde. Hasieran esan dut belaunaldi ikasiena garela diotela. Baliatu dezagun kapital hori tokiko garapena sustatzeko, proiektuak diseinatzeko, iraunkortasunaren norabidean. Lanpostuak sortzeko estrategia askoz egokiagoa litzateke hau, izaera ekintzailea sustatuz, krisi sistemikoari aurre egiteko norabidean.

Eta bestetik, lana banatu. Lan gutxiago eginda bizi gintezke, gure oinarrizko beharrizanak modu duinean asez eta lanpostu gehiago sortuz. Honek guztiak, esan gabe doa, oinarrizko eskubideen (etxebizitza, osasuna, hezkuntza) berme izango den sistema publiko indartsua izan behar du atzetik.

Gutxiago gehiago da esan ohi da sarri. Garapenak eta lanak bestelako definizioa behar dute: ez hainbeste desarrollismoarekin eta hazkunde ekonomikoarekin lotuz. Norbanakoon ongizatearekin baizik. Zoriontasuna ez baitago kontsumo ahalmenean. Jose Mugica Uruguaiko presidenteak egunotan gogorarazi digunez, pobreak beti gehiago izan nahi dutenak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo