GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntza politika berria aldarrikatu dute Aramaion UEMA Egunean

Hizkuntza politika aurrerakoi eta ausartak abian jartzeko beharraz ohartarazita, aldarrikapena eta jaia uztartu nahi izan ditu Aramaion ospatutako UEMA Egunak. Euskararen arnasgune jo duten lurgune euskaldunari bere garrantzia aitortu eta Euskal Herri euskalduna hura handitzetik etorriko dela nabarmendu dute. Bide horretan goi mailako instituzioen inplikazioa eta konpromiso, neurri eta eta lege berriak oinarrizkotzat jo dituzte.

p018_f01.jpg

Maider EIZMENDI | ARAMAIO

Jaia eta aldarrikapena uztartu zituzten atzo Aramaion, «Aire berria euskarari» lelopean egin zen UEMA Egunean. Bietarako arrazoiak dituztela nabarmendu nahi izan zuen, hain zuzen, Maren Belastegi mankomunitateko lehendakariak eguerdiko ordu bata pasatxo zela abiatu zen ekitaldi nagusian.

Egindako ibilbideari egin zion errepaso, zer ospatua badutela adierazteko. Hala 1991n, 17 udalek UEMAren bidea hasi zutenean, aurreikuspen onenetan ere ez zutela mankomunitatea horrelako ibilbidea egitera irits zitekeenik pentsatuko ohartarazi zuen. «Udalerriz udalerri, euskarari lotutako konpromisoaren gainean egin dugu orain arteko lana; udal askotako errealitate linguistikoa aldatzeko gai izan gara; eta administrazioan euskarari dagokion lekua eskaini diogunez, erreferentziazko mankomunitatea izatera iritsi gara», laburbildu zuen.

Indartsu daude, Segura eta Baztan bildu ostean, 71 direlako jada bat egin duten udalerriak eta gehiago dituztelako «ate-joka». Hausnarketa prozesu batetik atera berri, aurrera begirako ildo orokorrak ondo zehaztuta dituztela azaldu zuen. «Badakigu nora iritsi nahi dugun eta badaukagu norekin egin bidea», azaldu zuen, helburu nagusia «lurgune euskaldunen erabateko euskalduntzea» dela gogorarazita.

Indartsu egonagatik, helburu horren zama guztia ezin dutela euren bizkar gainean eraman aipatu zuen UEMAko lehendakariak. Euskal Herriko biztanleen %30ek soilik dakitela euskaraz eta, beraz, hizkuntza minorizatua dela onartuta, «hizkuntza politika aurrerakoi eta ausartak» jarri beharko direla abian iritzi zion. «Udalerri euskaldunek aukera paregabea eskaintzen dute horretarako, baina baliabideak, tresnak, behar ditugu», onartu zuen. Legeak dira, izan ere, hainbat udaletan euskalduntzea bultzatzeko urrats sendoak eman nahi izan dituztenean, «bidea itxi» dietenak. Horregatik, hain zuzen, ozen aldarrikatu zuen Euskararen Legeak ezin duela izan «euskararen beharrak itoko dituen muga gaindiezina».

Konpromisoa

Belastegik aitortu zuenez, «lurgune euskaldunak arnasguneak dira euskararentzat eta horiek zabaltzetik eraikiko da Euskal Herri euskalduna». Horretarako, «euskararen lurguneak berak dituen beharretara egokitutako lanketa» egitea beharrezkoa da. «Eragile sozialekin egin behar da lana eta euskalgintzako eragileen ekarpenak ezinbestekoak izango dira, baina batez ere goi mailako instituzioen inplikazioa da behar duguna», onartu zuen.

Konpromisoak, neurri berriak eta lege berriak. Horiexek, UEMAko lehendakariak euskararentzat eskatu zituenak. «Aire berria behar du euskarak eta horixe mankomunitateak eskaini nahi diona, hizkuntza politika berria».

Aramaioko alkateak, Ramon Ajuriak, hartu zuen aurretik hitza, eta orain 17 urte herria UEMAn sartu izanaren garrantzia nabarmendu zuen: «Erabaki ona bezain garrantzitsua izan da gure herriarentzat, Aramaioko Udala euskaraz funtzionatzeko gai baita; UEMAn sartu ez bagina, berriz, ez genuke gauza bera esaterik izango», aitortu zuen, euren sostengua adierazteko bertaratu ziren eragileetako ordezkariei eskerrak eman aurretik. Bertan izan ziren, besteak beste, Kontseiluko Paul Bilbao, Behatokiko Garbiñe Petriati, Lakuako Gobernuko Gotzon Lobera, Gipuzkoako Aldundiko Zigor Etxeburua, AEK-ko Mertxe Mujika, Sortuko Karmele Aierbe edota LABeko Sonia Gonzalez.

Aldarrikapen eta errekonozimendutik haratago joan zen atzo UEMA Eguna, goizean goizetik makina bat ekitaldi baitzeuden antolatuta. Deigarrienetariko bat eguerdian pilotalekuan egin zena izan zen; alegia, Aulesti eta Aramaioren arteko kirol lehia. Ingudea, txingak, lokotx biltzea, lasto altxatzea, trontza, eta sokatira, herrikideen animoak ez zituen faltan izan etxeko taldeak, baina horrela ere ezin izan zituzten aulestiarrak garaitu. Hori bai, bildutakoak asebete zituen ikuskizunak, agurretik bertatik jarri baitzituzten barrez harmailetan bildutako herritarrak.

Aurretik gehienak plazan egin zen dantza ikustaldian egonak ziren, bai eta herrian zehar antolatutako azokan eta plazan, bertan taloak eta sagardoa saltzeko jarri zen postuaren bueltan. Txikienek, berriz, saltoka ospatu zuten eguna, eskolaren atarian jarritako puzgarrietatik apenas atera nahi zuten-eta gehienek.

Eguerdiko ekitaldi nagusia amaituta, bertaratutakoek pilotalekuan zuten hitzordua, hantxe egin baitzen bazkari herrikoia. Antolatzaileek adierazi zutenez, jada 150 txartel baino gehiago salduak zituzten. Arratsalderako, berriz, Irrien Lagunen ikuskizuna, erromeria eta kontzertuak zeuden iragarrita.

haurrak

Ekitaldi nagusia hasi aurretik, haur talde batek bi kantu abestu zituen. «Haurrak ikas zazue euskaraz mintzatzen» eta «Behin betiko» izan ziren okasiorako aukeratu zituzten abestiak, euskara ikastearen eta berau erabili eta mantentzearen garrantzia nabarmentzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo