GARA > Idatzia > Ekonomia

Curriculuma besapean eta itxaropenari eutsi nahian, enpleguari ate-joka

Ikasle ilara luzeak sortu ziren Mondragon Unibertsitateak Arrasateko Goi Eskola Politeknikoan antolatutako enplegu azokan. Ez zen gutxiagorako, sektore anitzetako hogei enpresa bertaratu baitziren gazteen curriculumak jaso eta elkarrizketa laburrak egiteko asmoz. Urduritasuna eta esperantza errusiar mendian legez ibili ziren, urtetako ikasketen ostean enpleguaren atea ireki nahian.

p027_f01.jpg

Iraia OIARZABAL

Curriculuma besapean hartuta, zita garrantzitsua izan zuten ostegunean Arrasaten 900 ikasle inguruk. Egoera ekonomikoak eragindako enplegu gabeziaren ondorioz, arrakastatsua izan zen Mondragon Unibertsitateak (MU) antolatutako lehenengo Enplegu Azoka, eta emaitzak ikusita, hurrengo urtean bigarren edizio bat egiteko asmoa dutela agertu zuten antolatzaileek. Euskal Herriko hogei enpresa egon ziren bertan curriculumak jaso eta elkarrizketak egiten, besteak beste Euskadiko Kutxa, CAF, Fagor Arrasate, Irizar, EITB, Decathlon, Novia Salcedo Fundazioa, Orona, IDeko-IK4, Danobat, Batz, LKS, Arizmendi Ikastola eta Alecop.

Guztira, aurrez hitzartutako 300 elkarrizketa inguru burutu zituzten Mondragon Unibertsitateko ikasleek. Curriculuma aurkezteko aukera, ordea, unibertsitate guztietako ikasleek zuten, eta helburu horrekin enpesek jarritako stand-etan ere izan zen elkarrizketa laburrak egiteko parada. Inaugurazio ekitaldian MUko eta Lakuako Gobernuko ordezkariek esan zuten bezala, «ea guztion artean zulo honetatik irteten garen».

Ikasleen artean, aldiz, itxaropen keinuak ez ziren hain argiak izan. Deialdiak izandako arrakastak alde batetik, eta lan bilaketan orain artean jasotako kalabazek Arrasateko buelta «beste bat» baino ez zela izango pentsatzera eraman zituen asko. «Konpetentzia handia dago», zioten curriculuma aurkeztetik zetozen gazte askok.

Ezkortasun horren adibidea da Asier Alonsorena. 29 urte ditu eta abenduan bukatu zituen Oñatin Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasketak. Geroztik lana bilatzen aritu da sei hilabetez, bizpahiru elkarrizketa egin ditu zenbait enpresatan, baina ez du ezer aurkitu. «Jarraitzen dut curriculumak botatzen hortik zehar, momentuz pazientziarekin», azaldu zuen. Arrasaten, In Group Beasaingo aholkularitza-enpresarekin izan zuen elkarrizketa, baina urduritasunik ez zuela aitortu zuen. «Ez dut uste hemendik gauza asko aterako dugunik, baina behintzat atea jo beharko dut».

Garazi Zilonizaurrekoetxeak ere egoera nahiko beltz ikusten du. 28 urteko gazte honek teknikari informatiko izateko ikasketak amaitu zituen aurreko urtean eta ordutik lan bila dabil buru-belarri. «Oso zaila dago. Jendeak ez ditu mezuak erantzuten, ezta interesik ez dutela esateko ere», azaldu zuen etsi samar. Denboraldi hobe baten zain, bi elkarrizketa egin zituen Arrasaten. Lehenarekin ez zen pozik atera eta horrek bigarrenera esperantza gutxirekin sartzera eraman zuela aitortu zuen.

Bazen, ostera, deialdira jarrera baikorrago batekin joan zenik ere. Iñigo Etxaniz (21 urte) izan zen horietako bat. Ingeniaritza Mekaniko ikasketak bukatu berri ditu, azken urtea Suedian Erasmusen pasa eta gero. Beraz, gehienbat azokan ze eskaintza zegoen ikustera joan zela azaldu zuen. Gainera, epe laburrean ez du lanean hasteko asmorik, hurrengo bi urtetan master bat egingo baitu Suezian. Europako iparraldean lan eskaintza egon badagoela azaldu zuen, eta oraingoz Euskal Herrira itzultzeko asmoa badu ere, egoera ekonomikoaren arabera erabakiko duela aipatu zuen. Arrasateko enplegu azokako argazkia ikusita, enplegua lortzea erronka zaila dela ondorioztatu zuen. «Jende asko eta eskaintza gutxi, dirudienez».

Formakuntzara buelta

Curriculumak eta elkarrizketak egiteko aukeraz gain, bereziki arrakastatsua suertatu zen beste arlo bat formakuntzarena izan zen. Unibertsitate masterren eta profesionalentzako prestakuntza eskaintzen erakusleiho ere izan zen Arrasatekoa eta bat baino gehiago bertaratu zen informazio bila.

Gainera, egon zen azpimarratu beharreko zantzurik. Izan ere, ikasketak amaitu berri dituzten ikasleez gain, ikusi zen formakuntzara jotzeko interesagatik hurbildutako beste profil bat. Zehazki, duela urte ugari ikasketak bukatu eta langabeziak bultzatuta beren formakuntza «birziklatu» nahi duten pertsona ugari joan zitzaizkien informazio eske MUko arduradunei.

Egoeraren erradiografia beraz, argi geratu zen: badagoela formakuntza handiko belaunaldi oso bat bere gaitasunak praktikan erakutsi ezinik. Lehia handia da eta aukerak urriak, oraingoz behintzat.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo