GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga | Kazetaria

Partidarik politena

San Mamesek agur esan zigun asteazkenean, edo, hobeto esanda, guk esan genion agur, eraisteko erabakia ez baita berea izan, gurea baizik. Dagoeneko, hondeamakinak zelaian ibiliko dira, jo eta fuego, ehun urtez athleticzaleon etxea izan dena orube bihurtzeko lanean. Oroitzapen astea izan da hau munduari betaurreko zurigorriekin begiratzen diogunontzat. Oroitzapen goxoak, halakoak izaten baitira lagun bati agur esaten zaionean.

Nik gogoan daukat San Mamesen egon nintzen lehenengo aldia. Familiarekin joan nintzen; gurasoak, anaia, lehengusua, izekoa eta osaba, oker ez banago. Osasunaren kontrako par- tida izan zen, eta 4 eta 1 irabazi zuen Athleticek. Irabazi genuen.

Hortik aurrera, hamaika bizipen. Newcastlen aurkako UEFAko kanporaketa gogoangarria; Cruyffen Barça handia -1 eta 0 irabazi genion behin, 0 eta 6 galdu genuen beste behin. Berdinketa, beraz-; gainerako euskal taldeen kontrako derbiak...

Euskal Selekzioaren partidetan ere asko gozatutakoa naiz Santimamiñen. Gica Hagiren Errumaniarekin lortutako berdinketarekin hasi, eta Venezuelaren kontrako garaipenera arte.

Barrenak uzkurtzeko moduko oroitzapenak, beraz. Eta, hala ere, futbol zelai batean ikusi dudan partidarik ederrena, politena, Anoetan izan zela onartu behar dut, 1998ko abenduan.

Zaila ematen badu ere, egun berean Euskal Herriko bost estadio nagusietan partida bera jokatu zen, euskararen aldekoa. Askok gogoratuko duzue, noski. Kontseiluaren eskutik, «Bai Euskarari!», esan genuen dozenaka milaka lagunek. Asteburu horretan Zarautzen ibili ginen lagunak, parrandan, eta Donostiara gerturatzea erabaki genuen ekimen erraldoi hartan parte hartzeko. Eta esan beharra dago euskaldunok, euskaltzaleok, euskal herritarrok, sekulako gola sartu genuela arratsalde-gau parte horretan. Herri honek batasun erakustaldi ikaragarria egin zuen, eta ezin ahaztu ze giro zegoen gurean. Lizarra-Garaziren egunak ziren horiek.

Ordutik hona ez dut berriro horrelako batasun girorik ikusi. Ezta gaur egun ere, testuinguruak horretarako bide eman dezakeela ematen duen arren. Eta tamalgarria da, izan ere, euskaldunok argi izan behar dugu gauza bat, beste ezeren gainetik: batasunik gabe ez gara ezer.

Bakoitzak bere taldearen koloreei bakarrik begiratzen badie, ez Europarik, ez Txapeldunen Ligarik, ez ezer. Munduko nazioen ligan, Euskal Herriak bigarren mailan jarraituko du. Merezita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo