GARA > Idatzia > Euskal Herria

Maxurrenea leitzarrei itzultzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari

p021_f02_111x111.jpg

GARA | LEITZA

Euri mardula eginagatik, jende andana bildu zen atzo Leitzan Maxurrenea eraikina herriari itzul diezaioten eskatzeko. Egun herrigunean kokatutako etxe honek Guardia Zibilaren kuartela hartzen du etxe honek.

«Herriaren nahia errespetatu; Maxurrenea herriarentzat!» zioen pankartaren atzean, ibilbide guztia Guardia Zibilaren begiradapean egin zuten manifestariek, bereziki aipaturiko etxearen aurretik igaro ziren momentuan.

Hasierako leku berera, plazara, itzuli ziren manifestariak ibilbidea osatuta, eta bertan Maxurrenea Herrintzat plataformako kideek hartu zuten hitza. Gogora ekarri zuten urte hasieran «aldarrikapen historiko bat berrartzea» erabaki zutela, aurretik lan zaila izango zela jakinda ere. Abiatutako bidean herritarren aldetik jasotako babesa eskertu zuten eta ohartarazi zuten Nafarroako Parlamentura babes bila joandakoan «PPNk bakarrik» jarri zuela zalantzan Maxurrenea etxea leitzarrei itzuli behar zitzaiela.

Gogora ekarri zuten ekainaren 27an leitzarrek Nafarroako Parlamentuari egindako eskaera aztertuko dutela. Babesa lortzea espero duten arren, eraikina leitzarrei itzultzeko erabakiaren ardura Nafarroako Gobernuaren esku dagoela azaldu zuten, hark erabaki behar duelako Gobernu espainolari alokatzen jarraitu edo ez. «Ez genuke ulertuko horrelako herri babes eta babes politikoa duen aldarrikapen baten aurkako erabaki bat; baina jakin badakigu, lehen aldia ez delako, Nafarroako Gobernuak herritarren interesen gainetik interes politikoak jartzen dituela», salatu zuten.

Nafarroako Gobernuari aurkezteko sinadura kanpaina indartuko dutela iragarri zuten eta herritarrei bertan parte har dezaten eskatu zieten. Era berean, herritarren eta eragileen inplikazioa lortzen saiatuko direla eta plataforma indartzeko ekimen berriak abian jarriko dituztela ere azaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo