GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Ximun DUHOUR | futboleko atezaina

«Berriro jaioko banintz, futbolaria izango nintzateke»

29 urterekin erabaki du Ximun Duhour atezainak futbolean egindako ibilbideari amaiera ematea. Herriko taldean, Kanboko Izarran, hasi zen, baina gaztetxoa zela iritsi zen Realera. Eibarren hilabete batzuk pasa ostean, berriro ere talde zuri-urdinera itzuli zen, azken urteak Baionako Avironen emateko. Bi belaunetan izan dituen lesio larriek ere izan dute zerikusia bere ibilbidean.

p034_f01.jpg

Jon LEUNDA

Akabo, bukatutzat eman du bere kirol ibilbidea Ximun Duhourrek. Azken bi denboraldiak gogorrak izan dira, Avironek, bere taldeak, bi maila galdu baititu, baina bere erabakia hartzeko garaian horrek zerikusirik ez duela izan adierazi du Kanbokoak. Orain beste gauza batzuk egiteko denbora hartu nahi du, baina harmailetatik bere bihotzeko bi taldeak, Reala eta Aviron, jarraituko dituela argi eta garbi utzi du.

Avironekin bi urtetan jarraian maila galtzeak zerikusirik izan al du futbola uzteko erabakiarekin?

Ez, lehendik ere erabakita neukan. Uste dut orain arte egin izan ez ditudan beste gauza batzuk egiteko garaia iritsi dela, eta hori egin nahi dut orain. Futbolean zabiltzanean gauza asko utzi behar izaten dira bazterrean, eta horiek berreskuratzeko garaia heldu dela uste dut.

Beraz, ez da egia azken egun hauetan zabaldu den zurrumurrua, alegia, Bokalera joango omen zarela?

Ez, ez. Ipar Euskal Herrian futbolean jokatzen jarraitzekotan, Avironen jarraituko nuen, eta ez beste leku batean. Egia da orain gustatuko litzaidakeela Hego Euskal Herriko talderen batean urte bat edo bi egitea, baina gauzak dauden bezala oso zaila da. Ez dut inoren atzetik ibili nahi. Agian, entrenatzaile bat nirekin interesatuta etorriko balitz, berraztertu beharko nuke hartu dudan erabakia, baina ez dut uste hori gertatuko denik; beraz, akabo, hementxe uzten dut nire kirol ibilbidea.

Zer eman dizu futbolak?

Dena. Niri gehien gustatzen zaidana egiten aritu naiz orain arte. Joan naizen lekuetan lagun pila bat egin ditut. Bai Baionan, baita Donostian ere, betirako lagunak egin ditut, eta Eibarren hilabete asko egin ez banituen ere, lagun onak egin nituen. Berriro jaioko banintz, gauza bera egin nahiko nuke.

Sanserekin izandako bi lesio larri haiek markatu al dute zure kirol bizitza?

Ez dakit zenbatetaraino, baina apur bat bai. Azken batean, bi urte pasatu nituen ia partidarik jokatu gabe. Lehenengo belaun bat apurtu nuen, eta hura osatzen urte bat pasatu ostean, eta sendatzea horrenbeste kostatu ostean, jokatzen hasi bezain azkar bestea puskatu nuen, eta ia beste urte bat geldirik pasa behar izan nuen. Hala ere, beti alde onei begiratzen diet, eta horiek gogorrago izateko balio izan didate, burua hotzago edukitzeko. Gero, Avironen ere beste arazo bat izan nuen belaunean, nahiz eta besteak bezain larria ez izan. Lesio bat eta gero beti itzuli izan naiz, eta beti jokatzeko moduan, eta hori ez da seinale txarra.

Entrenatzaile izateko gogorik eta asmorik bai?

Une honetan oporretan nago, eta gero futboletik apur bat aldendu eta bizitza berrira ohitu behar dut. Gero, bai, Kanboko Izarrak taldeko atezainak entrenatzeko asmoa daukat.

Orain futbola utzi arren, harmailetatik jarraituko duzu, ezta?

Bai, dudarik ez izan. Nire bihotza zuri-urdina da, urdin ezberdinak, baina zuri-urdina, horiek baitira Realaren eta Avironen koloreak. Realeko bazkide izaten jarraitzen dut, eta nire anaia ere bada. Hemendik aurrera Anoetara joateko denbora gehiago izango dut, eta badut gogoa. Nirekin batera jokatutako jokalari mordoa dago oraindik ere, eta lagunak ditudanez eta Realaren aldekoa ere banaizenez, gustura joango naiz. Avironen partidak ikusten ere saiatuko naiz. Nire bihotzeko beste taldea da, eta ahal dudan guztietan han izango naiz haiei bultzada ematen. Realak eta Avironek egun berean jokatzen badute, orduan izango dira komeriak, bietako bat utzi beharko baitut.

 
 
«Avironek gazte onak ditu, eta itxaropena izan behar da beraiekin»

Avironek bi urtetan bi maila galdu ditu. Nationalen aritzetik, bi urteren buruan CFA 2 mailan aritzera pasatuko da, hamar urte eta gero. Hala ere, Ximunek etorkizun ona ikusten dio Baionako taldeari.

Zer gertatu da aurten berriro ere maila galtzeko?

Gauza asko batu dira. Hasteko, kanpotik etorri diren jokalariek ez dut uste beren mailarik onena eman dutenik. Bestetik, lesioak ere asko izan ditugu, eta 18 edo 19 urteko gazte askok jokatu behar izan dute. Gauza horiek guztiak nahastu, eta hau izan da amaiera, nahiz eta hasieran lehen hamarren artean ibiltzeko adinako taldea bagenuela pentsatu.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Itxaropentsua izan behar dela uste dut. Lehen esan bezala, 18 edo 19 urteko gazte mordo batek jokatu du aurten lehen taldearekin, eta maila oso ona dute. Pazientzia izan behar da horiekin, eta urte pare baten buruan, berriro ere Aviron zulotik aterako dela uste dut.

Kevin Lescaren esku utzi duzu Avironen atea. Nolakoa da?

Oso ona, bai teknikoki, baita fisikoki ere, eta pertsona bezala ere bai. Realarekin ere ibili da probatzen, nahiz eta ez den Donostiara joan. Nik uste dut Avironek urte askorako atezaina daukala berarekin.

Batuko al dira inoiz Ipar Euskal Herriko taldeak, klub handi bat egiteko?

Beharko lukete, baina pertsonen arabera dago. Batzuentzat beraien boterea futbolaren gainetik dago, eta hor dago arazoa. Hemen badago talde bat Lehen edo Bigarren Mailan edukitzeko adinako zaletasuna, baina banaka joanda, oso zaila izango da. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo