GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Iraupen luzeko langabeak ez dira estatistika hutsa

Langabezia tasa eskuarki bilakaera ekonomikoaren aldagai gisa baino ez da agertzen. Gehienez ere, egoera larria eta aurre egin beharrekoa dela esan ohi da. Gauza jakina da Estatu espainolean ikaragarri handia dela, baina Hego Euskal Herrian ere langabe kopurua benetan kezkagarria da. Kopuru hori, ordea, lanik gabe geratu diren pertsonek osatzen dute. Ez da datu berria langabeziak bereziki gazteak kolpatzen dituela, baina Adecco Fundazioaren ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herrian 45 urte baino gehiago dituzten langabeen %36 inguruk bi urtetik gora daramate lanik gabe. Iraupen luzeko langabeak, oro har, gero eta gehiago dira, egoera hori kronikoa izateraino, bi herenera hurbilduta.

Estatistika hotz horretatik ez da zaila ondorio larriak ateratzea. Edozein langabek, langabe guztiek, estutasun egoeraz gainera, ziurgabetasunaren zama jasan behar du, eta egoera hori luzatuta ikusten duenak, estutasunarekin batera, ezinegon eta etsipen gero eta handiagoak nabarituko ditu. Gero eta gehiago dira gutxieneko prestazioa baino kobratzen ez dutenak eta are ezer kobratzen ez dutenak ere, gero eta gehiago beren burua erabateko pobreziatik gero eta hurbilago sumatzen dutenak. Lagun bati edo familia oso bati eragiten dieten benetako dramak dira, eta gizarte duin batek ezin du onartu bilakaera ekonomikoaren adierazle huts izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo