GARA > Idatzia > Mundua

Abstentzioa nagusitu da berriro ere Italiako udal hauteskundeetan

Abstentzioa izan da Italiako udal hauteskundeetako protagonista. Italiarrek 67 hiritako udal ordezkariak, tartean Erromakoak, aukeratu behar zituzten. Bigarren itzulian %44,93k soilik bozkatu zuen. Ignazio Marino, Alderdi Demokratako hautagaiak, irabazi zuen Erroman.

p021_f01_148x108.jpg

GARA |

Hautesleen parte hartzea inoiz baino txikiagoa izan zen Italiako udal hauteskundeen bigarren itzulian. Igandean eta atzo egin ziren bozak 67 hiritako udal ordezkariak hautatzeko. Horien artean 11 hiriburu daude; Erroma, Ancona, Avellino, Barletta, Brescia, Iglesias, Imperia, Lodi, Siena, Treviso eta Viterbo.

Abstentzioa nagusitu zen berriro, Italiak bizi izan duen krisi politikoaren erakusgarri. Lehenengo itzulian, duela bi aste, parte hartzea %59,76koa izan zen; bigarrenean, atzo eta herenegun egindakoan, %48,51koa.

Italiako hedabideen ustez, hiriburu horietako alkateen hautaketan hautesleen heren batek bakarrik esku hartu du.

Erroman, hiritarren %44,93 soilik bozkatu zuten. Alderdi Demokratako hautagaiak, Ignazio Marinok, irabazi zion Silvio Berlusconiren talde politikoko hautagai eta egungo alkate Gianni Alemannori.

Barne Ministerioak kaleratutako lehen datuen arabera, Marinok -mediku kirurgialaria lanbidez eta senataria joan den maiatzaren 22an dimisioa aurkeztu zuen arte- bozen %63,95 lortu zituen. Alemannok, berriz, %36,05. Bien arteko aldea ia 28 puntukoa izan zen.

«Erroma galduta, zentro-eskuinak zuen alkatetza garrantzitsu bakarra galdu du. Italia osoko datuak kontuan hartua, zentro-eskuinak ez ditu emaitza onak lortu. Herritarrak politikatik aldendu dira eta, guri dagokigunez, erromatarren urruntasun hori aztertzea ezinbestekoa dugu», esan zuen Alemannok.

Lehenengo itzulian edo bigarrenean bozkatu duten 92 udalerrietatik, Alderdi Demokratak 50 udalerritan irabazi zuen, eta zentro-eskuinak, 14tan.

Erromako eta Sienako alkatetzak eskuratu izanak nolabaiteko lasaitasuna eman dio Enrico Letta lehen ministroari, otsailean egin ziren hauteskunde orokorretan lortu zituen emaitza kaskarren ostean. Italiarrek, gainera, ez diote barkatu Silvio Berlusconiren alderdi eskuindarrarekin Gobernua osatu izana. Ahaleginak egin dituen arren, askok ez dute sinesten Gobernua berak zuzentzen duenik, agintearen atzean dagoena Berlusconi dela uste baitute.

Bigarren itzuli honetan, Beppe Grilloren 5 Izar Mugimendua ez zen aurkeztu, ez baitzuen lehen itzulia gainditzea lortu. Jaitsiera horri barne arazoak gehitzen zaizkio. Joan den astean, bi legebiltzarkidek taldea utzi zuten Grilloren jarrerarekin bat egiten ez zutelako.

Napolesen

Lore-saltzaile batek bere buruari su eman zion Erlocanoko Udalaren aurrean, alkatearen jarrera salatzeko. Antza, zuen dendarekin loturiko baimen bat kendu eta berarekin biltzeari uko egin zion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo