GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aguilarren biktima gehiagoren zantzurik ez

Juan Carlos Aguilarren gimnasioa miatzen segitzen du Ertzaintzak, baina hainbat informazio zabaldu ondoren zera zehaztu nahi izan zuen atzo: biktima gehiagoren arrastorik ez dutela aurkitu. Bestalde, Lakuak ez du uste hiltzaileak ertzainei formakuntza ikastaroak eman zizkienik.

p011_f02.jpg

GARA |

Ada Otuya eta Jenny Revollo hil zituztela jakin zenetik astebete baino gehiago pasa denean, Bilboko Maximo Aguirre kaleko gimnasioa goitik behera arakatzen segitzen du Ertzaintzak. Halere, atzo arratsaldean argitu zuenez, orain arte ez da hildako gehiago izan litezkeela ondorioztatzeko zantzu garbirik agertu.

Era horretan, asteburuan batez ere ``El Mundo'' egunkarian ateratako albisteei erantzun nahi omen die Ertzaintzak. Izan ere, honek gimnasioan antzemandako bideo grabazioetan zein argazkietan emakume ugari ageri dela zabaldu du, ondorioz hildakoak ugari izan zitezkeela aditzera emanez.

Bideo irudi eta argazki horiek aztertzen ari dela baieztatu du Ertzaintzak, baina horietatik hilketa gehiago gertatu dela pentsarazten duen arrastorik ez dutela atzeman adierazi du.

Bitartean, EH Bilduk galdera egin dio Lakuako Segurtasun sailburuari, Juan Carlos Aguilarrek Ertzaintzari laguntza eman al zion jakiteko.

Ertzaintzarekin harremanik?

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, koalizioak bildutako zenbait idazkitan, Aguilarrek Ertzaintzari «prestakuntza teknikoa eta aholkularitza» eman izan ziola agertzen da.

Galdera horien bitartez, polizia indarraren eta erasotzaile matxistaren arteko kontratuzko erlazioaren gaineko informazio «zehatza» bildu nahi du. Ze motatako ikastaroak eman zituen, Ertzaintzak ze helburu lortu nahi zituen horien bitartez, iraupena, data, edukiak eta parte hartzaileen kopurua.

Era berean, Aguilarrek Ertzaintzari aurkeztutako kalifikazioen gainean azalpenak eman beharko ditu Beltran de Herediak, bilbotarrak zituen ustezko zenbait titulu faltsuak zirela argitu ostean. Zentzu horretan, Polizia autonomikoak zein gutxieneko eskakizun behar dituen argitzeko eskatu zion Arzuagak Segurtasun sailburuari.

Erantzun ofizialik ez dago oraindik, baina Ertzaintzaren iturriak aipatuz, oraingoz ez dutela Aguilarren eta Polizia autonomikoaren arteko loturarik aurkitu zabaldu dute albiste agentziek. Antza, artxiboetan begiratu dute, eta bertan hiltzailearen izenik ez da agertu, baina azterketa sakonagoa egingo dutela ziurtatu dute, edozein zalantza uxatzeko.

Ertzainen bat bere kabuz gimnasio horretako bezeroa izan denik ez dutela baztertzen gaineratu dute Ertzaintzaren iturri horiek. Horrekin batera, onartu egin dute Juan Carlos Aguilarrek berak esan ohi duela ertzainak prestatzeko lanean ibilia dela. Zehazki, 1998. urteko elkarrizketa batean aipatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo