giza-proba
Urretxuk finalerako bidea hartu du
Jon LEUNDA
Urretxuko taldeak Gipuzkoako Giza-proba Txapelketako finalean izateko lehen urratsa egin zuen, herenegun Aian jokatu zen lehen kanporaketako aurreneko saioan garaile atera baitzen.
B multzoko kanporaketa izan zen Aiako probalekuan, eta jende asko batu zen norgehiagoka ikustera. Zortzi lagunek osatu zuten talde bakoitza, eta 20na minutu izan zituzten lanerako. Kanporaketak bi saiotara jokatuko dira, eta bietako lanak kontuan hartuta bi onenek lortuko dute finalerako txartela. Hurrengo saioa ekainaren 22an jokatuko da Urretxun.
Urretxu izan zen hiru taldeetan onena, eta berdeek plaza bateko aldea kendu zioten bigarren postuan sailkatu zen Aitzondo taldeari. Urretxuk 52 plaza, bi zinta eta 2,23 metro egin zituen.
Bigarren postuan, berriz, Aitzondo sailkatu zen, 51 plaza, zinta bat eta 1,23 metro egin da. Hirugarren postuan, Zizurkilek amaitu zuen. 47 plaza eta 0,63 metro egin zituen. Emaitza hauen ostean, Zizurkilek izango du zailen sailkatzea, eta finalean izan nahi baldin badu, azkeneko jardunaldian lan bikaina egin beharko du.
Harriak protagonismo handia izan du joan den asteburuan; izan ere, herenegun jarri zen abian Euskal Herriko Harri-zulatze Liga ere. Sei talde arituko dira, baina lehen jardunaldi honetan Gallarta ere aritu zen. Zenbait arazo direla medio, ligako ekinaldi guztietan parte hartzerik ez duenez, txapelketatik kanpo aritu zen bere herrian, eta irabazi ere berak egin zuen. 14 zulo eta 6,7 zentimetroko marka egin zuen. Bigarren postuan Burdin Gazteak sailkatu zen, baina kontuan hartuta Gallarta lehiaketatik kanpo aritu zela, lehendabiziko jardunaldiko onenak beraiek izan ziren. 13 zulo eta 2,4 zentimetro egin zituzten. Hirugarren Trapagaran sailkatu zen, 11 zulo eta 3,3 zentimetroko marka lortuta. Errekatxok, Kabiezesek, Las karreras A taldeak eta Las Karreras B taldeak osatu zituzten ondorengo postuak.
Erandioko Goiherri
Sokatiran, ez zen ezusterik izan 640 kiloko lehendabiziko jardunaldian, eta Erandioko Goiherri taldea jaun eta jabe izan zen, eta garaipena lortu zuen. Saioko tiraldi guztiak irabazi zituen eta argi eta garbi utzi zuen pisu honetako txapela janzteko era faborito nagusia dela.
Bigarren postuan berdinduta amaitu zuten Goiherri B taldeak eta Mutrikuk. Irabazleekin galdu ostean, gainerako taldeak mendean hartu zituzten, eta beraien arteko deman, berriz, berdinduta geratu ziren.
Gaztedi A taldeak ez zuen bere egunik onena izan, eta beraien bigarren taldea eta Getxo bakarrik hartu ahal izan zituen mendean, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Bosgarren postuan Gaztedi B taldea izan zen. Gorritxoek Getxo bakarrik hartu ahal izan zuten mendean, eta azkenengo hauek itxi zuten sailkapena, ez baitzuten tiraldi bat irabazteko modurik izan. Datorren larunbatean jokatuko da bigarren jardunaldia.