GARA > Idatzia > Kultura

joxemari karrere | ipuin kontalaria

Bisitaldi gidatuak

Historiaren istorioak aipatu ohi dira gizakiaren eboluzio soziala ezagutzeko modu alaiago gisa. Azkenaldian ere gero eta gehiago entzuten da ahozko historia jasotzearen garrantzia; alegia, historialariek liburuetan jasotakoaz gain, une historikoak zuzenean bizitakoen testigantzak; esaterako, Gernikako bonbardaketa bertatik bizi izandakoen ahozko historia.

Historia ezagutzeko modu bat izan ohi dira bisitaldi gidatuak. Halako hirira joan eta, taldean, gidari baten laguntzaz bertako leku historikoetatik paseatu bitartean, horien gaineko azalpenak jaso. Halakoak helburu akademikoko saioak baino aisialdirako proposamenak izaten dira, bisitarien aldetik behintzat. Batzuek bizi diren herri edo hiriaren historia ezagutzea bilatuko dute; beste batzuek, ordea, bisitatzen ari diren lekua ezagutzeko jakin-mina izango dute. Halako bisitaldien ohiko arazoa izaten da azalpenak gaizki ulertutako eredu akademizista jarraitzen dutela; alegia, datuen zerrendatzea eta narrazio hotz zein funtzionala. Gainera gidariak, agian azalpenen gainean prestatuak egongo dira (ez beti), baina ez hainbeste ahozko transmisioan prestatuak, oinarrizkoa izan beharko lukeena halako ekintza batean.

Bestelako eredua eskaintzen digute, ordea, Logroñoko La Compañia del Saco taldeko lagunek. Errioxako hiriburuan gidatzen duten «Visitas narradas a los espacios del vino» deitutako ekitaldian, azalpen historikoak istorio, pasadizo eta kontuekin tartekatzen dituzte, kantuekin, erromantzeekin eta txotxongiloekin batera. Bisitaldia ez da soilik izango datu historikoen zerrendatzea, unean uneko girotzea ere izango da, ahozkotasunaren indarrak bisitariak harrapatzen dituelarik. Bisitaldia amaitutakoan, partaideek ez dituzte datu historikoak soilik jasoko, aitzitik historia ezagutuko dute une gozagarria igaroz. Bertaratutakoek historiaren ederra deskubrituko dute, belarriak gozatuz. Izan ere, kontakizunek gure baitara eramango gaituzte, gure barne historiara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo