.eus domeinua ez da amaiera, euskararen herria ezagutarazteko eta garatzeko abiapuntua baizik
Iragan astean, euskararen herriak .eus domeinua lortu zuen, PuntuEus Fundazioa osatzen duten eragile ugarien lan neketsuari esker. Besteak beste, euskal herritar gehienentzat aspaldiko egia dena -alegia, euskal komunitate bat badela- erakutsi behar izan zuen. Bost urteko ahalegin setatiaren ondorioz, fundazio horrek Interneterako domeinu propioa lortu zuen euskararentzat, euskal kulturarentzat. Hala ere, arrakasta hori ospatzeko atzo Bilbon izan zen ekitaldian esan zuten bezala, lortutako helburua ez da ezeren amaiera, abiapuntua baizik, euskarak sarean bere lekua egin eta zabaltzeko, munduak euskal komunitatearen berri jakiteko, mundu birtualean mundu erreal hori ikusarazteko ibilbidearen abiapuntua. Izan ere, .eus domeinua tresna da, ate bat, Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariaren hitzetan. Lorpena ez da makala, baina aurrerantzean PuntuEus Fundazioko eragileek eta proiektuari atxikitzen zaizkion guztiek orain arteko gaitasunari eta gogoari eutsi beharko diete, beti ere elkarlanean. Elkarrekin egin beharreko bidea baita, .eus domeinua lortzeko proiektuaren sustatzaile Iratxe Esnaolak dioenez. Euskarari eta euskal kulturari ate hori zabaltzeko egin duten moduan.