Sega | Gipuzkoako finala
Lau segalariren artean erabakiko da txapela
Igor Esnaola, Juan Joxe Lizaso, Mikel Garaialde eta Mikel Alkorta neurtuko dira bihar eguerdian Aian.
Jon LEUNDA
Igor Esnaola, Juan Joxe Lizaso, Mikel Garaialde eta Mikel Alkorta neurtuko dira bihar 12.00etan Aian, hilerriaren inguruan dagoen belardian jokatuko den Gipuzkoako finalean. Bakoitzak ordubeteko lana egin beharko du, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen duen segalariak irabaziko du.
Igor Esnaola lehen aldiz arituko da finalean, Legorretakoa aurten aritu baita aurrenekoz era tradizionalean; orain arte beti abiadurako probak bakarrik egin ditu. Hala ere, txapela lortzeko faborito nagusietako bat izango da. Kanporaketako onena izan zen, eta itxura bikaina eman zuen.
Juan Joxe Lizaso aiarra sailkatu zen Legorretakoaren atzetik kanporaketan. Aiakoak eskarmentu handia dauka, badaki Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelak irabaztea ere zer den, eta etxean arituta, beste faboritoetako bat izango da. Askoren ustez, bi hauek izango dira irabazteko faboritoak, baina horretarako lan handia egin beharko dute.
Mikel Garaialdek ere lehen aldiz jokatuko du finala, bera ere lehen aldiz ari baita lehiaketa honetan parte hartzen. Segalari gaztea da, eta etorkizun handikoa. Bere multzoan nagusi izan zen kanporaketan, eta kontuz ibili beharra izango da berarekin. Abiadura proban ere itxura bikaina eman du, eta hemendik aurrera askotan aritu beharko dugu berari buruz hizketan. Finalean dauden lau segalarietan agian presiorik gutxien ere berak izango du, eta horrek lasaitasun bat ere emango dio, egun berezi eta garrantzitsu honetan.
Mikel Alkorta ere oso kontuan hartu beharrekoa da. Askotan ez da faboritoen artean sartzen, baina beti oso lan ona egin izan du, beti aurrean ibiltzen delako. Finalean arituko diren lau segalarien artean berea izan zen kanporaketako markarik eskasena, baina honek biharko proban ez du zerikusirik izango.
Finalerdietan aritu zirenean, egin beharreko lana ordu erdikoa izan zen, baina orain ordubetekoa izango da, eta horrek dena aldatzen du, lehen faseko lanaren bikoitza egin beharko dutelako finalean.
Belarrak ere pisua izango du. Azkenaldian euri asko egin du, eta biharko ere gauza bera iragarrita dagoenez, belarrak pisua izango du, eta agian nekea ere handiagoa izango da parte hartuko duten kirolarientzat.
Aspaldiko partez, berriro ere kopuru handi samarra izan da aurtengo Gipuzkoako Txapelketan, eta maila ere oso ona da. Horretaz ohartzeko kanpoan zeintzuk geratu diren ikusi besterik ez dago, Ormaetxea edo Goenaga bezalako segalari handiek ez baitute lortu bihar eguerdian Aian jokatuko den finalean aritzeko txartelik.