Harri-jasotzea
Urdax Magunazelaia gaztea izango da aurtengo Bizkaiko Txapelketako berrikuntza nagusia
J.L.
Ondarroako Gorozika auzoan jokatuko da bihar 17.30ean Bizkaiko Harri-jasotze Txapelketa. Lau parte hartzaile izango dira, eta Urdax Magunazelaia izango da bertako berrikuntza eta protagonista.
Orain arte umea izan da, eta beti markak jartzen ikusi dugu, baina jadanik lehiakeketan parte hartzeko adina ere iritsi zaio, eta lehen aldiz arituko da bihar arratsaldean Ondarroan.
Horrek berak ikusmin handia piztu du, zaleek ikusi nahi baitute ikaragarrizko etorkizuna duen mutil hau lanean. Oraindik oso gaztea da, eta presiorik gabe joan beharko luke.
Berarekin batera, Urruzuno, egungo txapelduna, Zelailuze eta Urpe lehiatuko dira. Bakoitzak 113 kiloko zilindro kopa, pisu bereko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko dituzte. Bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutuko txanda izango dute.
Urruzuno da egungo txapelduna, eta etxean arituko da, gainera. Beraz, irabazteko ere bera izango da faboritoa. Urpe eta Zelailuze ere kontuan hartu beharko dira, eskarmentu handiko bi kirolari baitira, eta horiekin Magunazelaia. Oraindik mutikoa, baina, askoren ustez, aurki herrialdeko txapelduna izango dena, nahiz eta oraindik ibilbide luzea daukan egiteko.
Aizkora
Aizkoran, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga jarriko da bihar abian, Bilbon, La Peña auzoan, 12.30ean. Aurten, Urrezko Aizkorako lehen sei sailkatuek jokatuko dute lehiaketa. Nazabal, Atutxa, Otaegi, Rekondo, Mugertza II.a eta Lopez. Hauetako norbaitek jokatzerik ez balu, Erasun, zazpigarren postuan sailkatu zena, arituko litzateke.
Lehen saioan Floren Nazabal eta Juanjo Lopez neurtuko dira. Urrezko Aizkorako lan bertsuak egin beharko dituzte, laburrak eta azkarrak, iraupen probarekin amaitzeko. Gero, denbora guztiak batuko dira, eta denetako onenak dituztenek irabaziko dute saioa. Lehen proba hau irabazteko faborito nagusia Floren Nazabal izango da. Bera da Urrezko Aizkorako txapelduna, eta lehen puntuak beretzat izan beharko luke.