Iratxe ESNAOLA, Informatika ingeniaria eta PuntuEus Fundazioko kidea
www.elkarrekin.eus
2006an idatzi nuen artikulu haren izenburua «www.lehenbailehen.eus» izan zen. Gaur, zazpi urte beranduago... jar nezakeen «www.lortudugu.eus». Baina «lortu dugu» labur geratzen da «elkarrekin»-en aurrean. Egia da lortu dugula; lortu dugula euskararen herriaren garapenerako tresna oso eraginkorra izango den .eus domeinua.
Eta lortzea bera sekulako garaipena izan dela ere egia da; ibilbidea luzea izan dela, une oro epeak ICANN erakundeak ezartzen zituela (eta ICANNek berak atzeratu); eta mota askotako lanak eskatu dituela (diplomazia-lana, euskara eta euskal kulturaren komunitatearen artikulazioa, askoren eta ezberdinen artean erabakiak hartzea, Euskal Herriko mugez gaindiko koordinazioa eta kudeaketa, eskariaren erredakzioa, eta abar luze bat). Baina ibilbidea erraza izan balitz ere, .eus domeinua lortzearen garrantzia ez zen murriztuko, .eus euskararen herriaren izen ofizial birtuala bezain erreala baita. Horregatik lortu behar genuen, .eus gure herriaren garapenerako tresna propio bat delako: .eus ezin digutelako kendu, gurea delako, bere jaiotzatik.
Jar nezakeen www.iritsida.eus ere. Baina «iritsi da» esateak bidearen bukaerarekin topo egin dugula aditzera eman dezake. Egia da iritsi dela, espero genuela, baina zain geundela. Inoiz iritsi behar zuela egun handi horrek. Inoiz onartuko zela eskatu genuen .eus domeinua. Onartzeak baina, ez du bidearen amaiera adierazten. Alderantziz: .eus-en onarpenak benetako gure helburuen bidean jarri gaitu. Onarpena, pasa beharreko bidegurutze bat zelako. Iritsi da, bai, euskararen herriaren nazioarteko aitortza. Iritsi da behar genuen izena. Baina gure bide berria hasi besterik ez da egin. Orain .eus domeinuari bide emanez bidea egitea dagokigu.
www.denontzat.eus jar nezakeen. Baina «denontzat» ere labur geratzen da «elkarrekin»-en aurrean. Egia da denontzat dela; hau da, euskara eta euskal kulturaren komunitate osoarentzat dela. Egia da ere pertsonak adina modu daudela komunitate hori ulertzeko. Pertsonak adina modu euskararen herriaren parte sentitzeko. Eta sentimendu hori bizitzeko. .eus proiektua ez da «euskara eta euskal kulturaren komunitatean» zer sartzen den eta zer ez erabakitzeko jaio. Alderantziz: .eus proiektua irekia izateko jaio zen. .eus proiektu inklusiboa da: euskararen herri osoa elkar lotzeko gaitasuna du, euskararen herri oso-osoa, komunitatea ulertu eta bizitzeko modu ezberdinak bere baitan bilduz. Horixe da .eus denontzat izatea. Eta horretarako ere erabili behar dugu .eus: zatitua dagoena batzeko.
Jar nezakeen www.erabili.eus. Baina «erabili» hitzak erreakzio bat eskatzen du eta horretara mugatzen da. Are, .eus proiektuak jaso duen babesak .eus domeinua erabiltzeko nahi bat ere badakar bere baitan. Baina egia da .eus domeinua tresna eraginkorra izango bada, tresna iraunkorra bilakatuko dugulako izango dela. Hau da, .eus domeinua bere erabilerak bihurtuko duela eraginkor, inork bilakatzekotan. Bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki ere. Hau da, batetik, oso garrantzitsua izango da .eus ahalik eta ikusgarriena izatea, horretarako ahalik eta webgune gehien .eus domeinuaren azpian erregistratuz. Bestetik, ordea, .eus kalitatezko domeinu bat bilakatu behar dugu. .eus domeinuak euskararen presentzia areagotzeko, euskararen herriaren artikulazioan laguntzeko eta euskararen eta bere herriaren garapenean urratsak egiteko balio behar du. Izen bat izatetik harago, .eus domeinuaren erabilerak gure herriaren garapenean sekulako eragina izan dezakeelako.
www.eskerrikasko.eus ere jar nezakeen. Baina ez da eskerrak emateko unea bakarrik. Baina eman behar dira. .eus domeinuaren eskaria PuntuEus Fundazioak tramitatu badu ere, euskararen herria aurrez existitzen zelako eskatu ahal izan dugu. .eus domeinua existitzen zen zerbaiti izena ematera dator. Eta existentzia hori da eskertu behar duguna. Milaka eta milaka pertsona dira, egunero-egunero .eus domeinua egia bilakatu dutenak. Eta modu batean edo bestean proiektua lagundu duten pertsona, elkarte, erakunde, enpresa eta instituzioak ere bai. Horiei guztiei esker ere badugu .eus gure artean. Eta, kausalitatez, .eus domeinuaren onarpena euskararen herri osoak eskertu du, bere osotasunean: euskararen herri osoak sentitzen baitu zerbait irabazi duela .eus domeinuarekin.
Baina pentsatzeko denbora gehiago izango banu ere, ez nuke www.elkarrekin.eus baino egokiagorik topatuko .eus proiektuarekiko nire sentimendua adierazteko. Hori da .eus proiektutik ateratzen dudan ikaskuntzarik nagusiena: batzen gaituen horretan elkarrekin aritu behar dugula.
Nire ustez, PuntuEus Fundazioaren egitura bera da horren adibiderik garbi eta objektiboena. PuntuEus Fundazioak elkarte txiki eta handiak, erakunde publiko eta pribatuak, Euskal Herrikoak eta euskal diasporakoak biltzen ditu. Guztiek nahi izan dute proiektuaren parte izan. Nahi izan duten guztiak bilakatu dira proiektuaren parte. Eta proiektuak ateak irekiak ditu, egun ere, sartu nahi duen ororentzat.
.eus domeinuak badu zerbait berezia. Badu zerbait, beste ekimen batzuekin gertatzen den moduan, aniztasunean baina elkarlanean aritzera bultzatzen gaituena. Barnean biltzen du sentimendu orokor bat, .eus ulertzeko modu ezberdinak egon daitezkeela oinarri hartuta. Batzuentzat .eus euskara da. Besteentzat, Euskal Herria. Beste batzuentzat, Euskadi. Batzuentzat, informatika hutsa. Beste batzuentzat, marka enpresarial bat. Eta beste zenbaitentzat, Interneten soilik dagoen euskararen txokoa. Baina .eus-ek badu izaera inklusibo bat. Badu gaitasun berezi bat horien guztien inklusiorako. Eta maite ditut horrelako proiektuak.
Herri baten garapenean dimentsio handiko ekimenak aurrera ateratzeko, bidea askoren artean batera egitea ezinbestekoa da. Euskararen herrian, zer esanik ez. Euskararen eta euskal kulturaren komunitatea, euskararen herria, bere txikitasunean, zatitua aritzean egiten da txikiago. Elkarrekin egiten dugun horrek berma dezake bere garapena. Eta .eus proiektuak asko erakutsi dit zentzu horretan. Banekien aurrez ere, baina indar berezi batekin baieztatu dit: gauzak elkarrekin lortuko ditugula.
Lortu dugu .eus, iritsi da, denontzat da, denok erabiliko dugu eta denoi esker dugu gurekin. Baina batez ere, bidea elkarrekin egin dugulako lortu dugu. Eta zalantzarik ez dut: .eus proiektua sortu eta garatzeko modua euskararen herriaren etorkizuneko erronketan eredutzat hartu beharko genuke.