Agirregabiria eta Errasti presoek gose greba amaitutzat eman dute
Zortzi egun eman dituzte Arkaitz Agirregabiriak eta Zuhaitz Errastik gose greban, baina protesta utzi dute Bordeleko Gradignan espetxeko zuzendariarekin bisiten baldintzez hitz egiteko hitzordua lotu ostean. Arrasaten, berriz, presoen aldeko kalejira debekatu egin dute.
GARA |
Bordeleko Gradignan espetxean dauden Arkaitz Agirregabiria eta Zuhaitz Errasti presoek ekainaren 13an hasi zuten gose greba amaitutzat eman dute zuzendariarekin bisiten lekuaz hitz egiteko hitzordua lortu ondoren. Etxeratek jakinarazi zuenez, gose grebak Agirregabiriaren baldintzen gogortzea eta, batez ere, bisita baldintzak salatzea zuen helburu.
Elkartearen esanetan, Estatu frantseseko iparraldean erregimen bereziko preso sozial batek ihes egin zuenetik, erregimen horretako presoei dituzten neurriak zorrozten ari zaizkie. Arkaitzen kasuan, bera ere erregimen bereziko presoa denez, baldintzak zorroztu dizkiote, bereziki bisitak jasotzeko», adierazi zuten atzo ohar baten bidez.
Gertakari honi, Etxeratek gogorarazi zuenez, beste ezbehar bat gehitu behar zaio; izan ere, orain bi aste preso sozial batek Agirregabiria jipoitu baitzuen.
Egoera horren aurrean, espetxe berean dagoen Zuhaitz Errastik bat egin zuen gose grebarekin Agirregabiriarenganako elkartasunez.
Hain zuzen, elkartasuna eta presoen eskubideak defendatzeko abiarazi du Herrira mugimenduak «Herritarron epaia» ekimen ibiltaria.
197/2006 doktrina ezarrita duten euskal presoen askatasuna eskatzean datza, herriz herri, hiriz hiri. Aste honetan, Bilboko geldialdiaren ostean -bertan «Parot doktrina» duten bost preso bilbotar oroitu zituzten-, aurrenekoz Ipar Euskal Herrira heldu zen atzo. Donibane Lohitzuneko festak direla aprobetxatuz, 18.30ean abiarazi zuten aldarrikapen ekimena. Bertan oroitu zituzten Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Txistor Haranburu. Hirurek biziarteko kartzela zigorra dute.
Kalejira, bertan behera
Bestetik, bertan behera utzi du Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkateak jaietako egitarauaren baitan astelehenean egitekoak ziren presoen eskubideen aldeko kalejira, Donostiako Epaitegiak behin-behinean ekimena debekatu ostean.
Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok Estatuko abokatuari galdegin zion kalejira horren aurkako helegitea ezar zezala. Azkenean, Donstiako Epaitegiak hartu zuen erabakia. Ekimena bertan behera uzteko erabakia hartu ostean, Azkarragaurizarrek horren berri eman zion Txosna Batzordeari.
Bitartean, atzo presoen aldeko mobilizazio andana burutu zen, ostiraleko gertatzen den legez. Adibide batzuk emateagatik, Zornotzan 81 lagun elkartu ziren beren eskubideen alde, Amurrion 42, Mutrikun 55, Bilbon -Sabin Etxearen aurrean- 90, Lekeition 117, Getarian 35, Deban 45, Lizarran 49, Agurainen 40, Lazkaon 58, Lezaman 15, Iruñean 242, Ondarroan 179, Etxarri Aranatzen 102, Durangon 108, Lizartzan 29, Elgoibarren 41, Oñatin 60, Zizurren 21, Zarautzen 157, Bergaran 57, Oreretan 188, Tafallan 36, Gasteizen 434 eta Lezon 25.
«Herritarron epaia» ekimena ekainaren 8an abiatu zen Tafallan eta, orotara, beste 80 bat herritara iritsiko da «aldarrikapen ibiltaria». Bidea amaitzeko Iruñeko Anaitasuna pabiloia ekitaldia egingo dute irailaren 14an.