Sexu berekoen arteko ezkontzen aferak izango du leku nagusia gaur Biarritzen egingo den Gay Pride ekitaldian
Arantxa MANTEROLA |
Zalantzarik gabe, gaurko Lesbian Gay Pride festarekin jai giroa inoiz baino gehiago igarriko da Biarritzeko karriketan, lesbiana, gay, transexual eta bisexualek (LGTB) bereziki aurten zer ospatua badutelako; izan ere, Estatu frantsesean onartu berri dituzte sexu berekoen arteko ezkontzak eta haurrak adoptatzeko ahalmena ere legez aitortu zaie. Alta, erabateko berdintasuna lortzeko bide luzea geratzen zaiela jabetuta, aldarrikapena ere oso presente izango da ekitaldian.
Hain zuzen ere, LGTB kolektiboaren eskubideen alde jarduten duen Les Bascos elkarteak antolatutako mobilizazioaren lemak ere hari horri eusten dio: «Erabateko berdintasunerantz». Hala, ospakizunen artean indarrean jarri den legearen aurka jo duten «kontserbadurismo politiko, ideologiko eta erlijiosoa» salatu eta legea «herri guztietan aplikatu dadila» exijituko dute.
Azken hilabeteetan, aipatu legea Asanblea Nazionalean eztabaidatzen ari zelarik latz borrokatu behar izan dira, Eliza katolikoa buru, hainbat sektore sozial eta politikoek azaldu duten aurkakotasuna dela-eta. Mota guztietako kontramanifestazioak eta erasoak pairatu dituzte, baita fisikoak ere.
Ipar Euskal Herrian bertan izan da zalaparta legea onartu bitartean, baita horren ostean ere. Duela aste batzuk Jean-Michel Colo Arrangoitzeko auzapezak bere herriko bi gizon ezkontzeari uko egin zionekoa dugu, oraingoz, azken kapitulua. Itxi gabekoa, bestalde.
«Homofobia erakustaldiak»
«Kontzientzia eragozpena» argudiatuta, beste auzapez eta hautetsi batzuen sostengua jaso du Colok, baita Marc Aillet apezpikuarena ere, bera izan baita mobilizazio eta protesten sustatzaile sutsuenetakoa.
Les Bascosen iritziz, argi da azken hilabeteotan «homofobia berpiztu eta inoiz baino ageriago, lotsabako eta inolako konplexurik gabe» azaleratu dela. Hori irmoki salatzeko asmoa dute gaur, musika eta jantzi koloretsuekin, 16.00etan abiatuko den ibilaldian.
Horrekin batera Gobernuari «ausardia» eskatuko diote, hots, «beren engaiamenduei eutsi eta berdintasunaren aitortzan bururaino joateko kuraia» izan dezala, besteren artean, «ahaidetasun prozedurak erreformatuz, emakume guztiei mediku-ernalketaren aukera irekiz eta transexualei sexu aldaketarako bidea erraztuz».
Auzi hauek Ipar Euskal Herrian hartu duten garrantzia eta gaurkotasuna kontuan hartuta, EHGAM taldeko kideek ere gaurkoan Biarritzen egongo direla aurreratu dute.