GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Zutik dirauen gaztea

 

Astelehenean arratsaldeko seietan kamiseta zuria eta praka grisak zeramatzan gazte bat Istanbuleko Taksim plazan agertu zen. Ataturk Kultur Zentrorantz abiatu zen gero, oinez, eta handik Gezi parkera jo zuen, ordurako guda zelai bihurturik zegoena. Gaztea, baina, ez zen parkean sartu. Aitzitik, Kultur Zentroaren aurrean geratu zen. Bizkarrean zeraman motxila lurrean utzi, eskuak patriketan sartu, eta eraikinari begira egon zen zortzi orduz. Han zebilen jendea bere nortasunaren, lanbidearen eta intentzioaren gainean galdetzen hasi zitzaion. Lau poliziak bere gorputza arakatu zuten.

Motxilan plastikozko txartelak, gas maskara bat, ur botila bat, uretarako betaurrekoak eta gaileta pakete bat zituen gordeta. Norbaiten zain ote zegoen galdetu zioten. Arazorik ote zuen? Berak isilik eta lasai jarraitu zuen. Ez zuen arazorik, baina hurrengo orduetan bere argazkia, «zutik dirauen gizona» bezala identifikatua, Twiterren bidez mundu osora zabaldu zen. Hirurehun lagunek harekin bat egin zuten, Kultur Zentroaren aurrean zutik jarriz, alde egiteko eskaerei muzin eginez. Asteazkenean, zutik zirauen gaztearen kontrakoek parke ingurura jo zuten. Beren helburuen kontra, haien ezezkoa baiezkoaren parte bihurtu zen. Denek zirauten zutik Kultur Zentroaren aurrean. Kaya Genç idazleak Herman Melvilleren «Bartleby eskribatzailea» nobelako pertsonaia nagusiarekin konparatu zuen duela egun batzuk zutik dirauen gaztea. Hark bezala, agindutako ezer «aukeran nahiago ez» egitea erabaki du. Bere jarduera ezak konplizitate eza adierazten du. Bartleby sinbolo bat da Turkiako protestetan dabiltzanentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo