Julen MURGOITIO
Plazak betetzeko beste
Euskara, euskara, jalgi hadi plazara!. Eup!. Erreinua utzi eta domeinua lortu du euskarak. Eus!. Munduko uhinen amaraunean propio ehuntzeko bidea. Eta jendea plazan, ostarte bat baliatuz, in nomine patri et filii, eus! la la!, es. aterkia pikutara bidaltzen. Lakua ere animoso, edo, honetan, tradizioari jarraituz bihar iritziz aldatzen ez bada, sikiera. Ustez, es. utzi eta eus. behingoz eskuratuko. Ote?, omen. Ama, ama! zenbat gauza aldatu lezake u batek, erdian egonda ere!. Beste gauza da benetan zenbat aldatuko dituen, eus. domeinutik deus. domeinura ez baitago, sarean behintzat, alde handirik. Begira zer ekarri duen nortasun agiri bat idaztean letra bat oker jarri izanak!. Hau ere kolpea! Guantanamoko presoen artean aste honetako trending topic.
Tira, plazako giro gori-gorira!. Plazak berotuz doaz han-hemenka, Turkiatik Brasilera berotu ere, hemendik pasatuta, solstiziotik aparte. Beroketa globala; politika ofizialaren klimaxa ustelkeria-emisioez berotzearen ondorioz. Zer ikusirik ez Santo Tomasen plaza-giroarekin. Are gutxiago Vatikanoko San Petri plazakoarekin, mesedez!. Amen. Total, poliziak polizia han-hemenka, ur-zurrustaka giroa hoztu nahian, jakitera iritsi gabe urak freskatu egiten duela, hoztu baino lehen. Gainera, zer egin daiteke plaza hustu batean? aparkalekuak!. Pankarta batean irakurria, aurrerantzean gaixoak futbol-zelai handitzarretan artatuko dituztela, non edo non artatze- kotan. Lurraren geroa, nonbait, soropila izatea da. Demonio!. Poeta andaluziarra gogoan: pobretu bati urdaiazpikoa ematen diotenean edo bera oso gaixo dago, edo urdaiazpikoa usteldua. Poetak esana ere, gaixo egotea baino okerragoa dela mediku txarra izatea.
Demontre!. Uztaila ate joka dugu, ekaina desjabetzeko. Albiste asko besapean, uzta baino. Lan-itunak desjabetu, zentral nuklearraren auskalokoa, botiken kopagoa, sanferminak, kupoaren ordukoa, Belateko tunelen itxiera... plazak betetzeko beste kontu. Eta tourraren giroa bueltan!. Bitartean, orain 200 urteko batailak gogoan Donostian eta Gasteizen. Ingelesak sartu omen ziren frantsesak bidaltzeko. Total, azkenean espainolak nagusi. Sare horretatik ateratzeko baliokoa omen eus. plaza. Hala bada hala biz, eta ez bada ora pro nobis.