HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Nolakoak diren nerabeak!!
Xabier ETXANIZ ERLE
2009an Antxiñe Mendizabalek argitaratu zuen haurrentzako lehen liburua: «Nire amak ez dauka erremediorik»; lau urte beranduago oso bestelakoa da narratzailearen ikuspuntua. Oraingo honetan haur eta gazte literaturan oso gutxitan azaltzen den narratzailea dugu: protagonista heldua. Alde horretatik, ezin ba esan narratzaileak irakurlearen konplizitatea bilatzen duenik, baina bai protagonista nagusiarena. Iratik hamalau urte ditu eta hamaika kontu ari dira aldatzen neskaren munduan, eta horren ondorioz etxeko guztionean. «Argi dago: gure etxean aspalditxoan ez da giro. Eta ez dakit krisialdi hau hain justu noiz hasi zen. Baina esango nuke Iratik bere gelako atetik Athletic-en posterra kendu eta Kenzazpirena jarri zuenean hasi zirela gauzak okertzen. Orduantxe aldrebestu ginen guztiok etxean».
Idazleak, aurreko obretan erabili duen umore tonu berean, ama (aitaren presentzia askoz urriagoa da nobelan) eta alabaren arteko harremanaren nondik norakoak kontatzen dizkigu, eta horretarako zazpi kapitulutan banatu du obra: Zure seme-alaba nerabea ulertzeko gidaliburua; Nesken gauzak, G puntua eta beste puntu batzuk; Non lagunak, han gogoa,... eta modu arin eta entretenigarrian eguneroko bizitzan jazotakoak irakur ditzakegu, irribarre egin dezakegu. Izan ere, horixe baita liburu honen baliorik handiena, nerabezaroaren garaia kontatzea, bertan jazotakoak biltzea, umore tonua erabiliz, G puntuaz hitz egiten dutenean bezala: «-Ama, zuk izan al duzu inoiz orgasmorik?. Plantxaren entxufea ateratzea erabaki dut; badaezpada. Urduri samar jarri naiz.
-Izan ez baduzu lasai. Andereñoak esan digu ez zaiola halako garrantzirik eman behar. (...) G puntuaz ere hitz egin digute.
Igual ume honek argitu dit zerbait, pentsatu dut nire artean-.
Atal ezberdinetan gaur egungo gaztetxoen inguruko istorioak biltzen dira, etxeko eztabaidak, lagunekin dituzten harremanak, arazoak, lagun berriak... estilo bizi eta erakargarrian, irakurleari une atsegina igaroaraziz.