GARA > Idatzia > Euskal Herria

Parisi lege bat sortzeko galdegin dio Seaskak Baionako karriketan

Suprefetak Udalak Hendaian ikastola berria sortzeko hartu erabakiaren aurka egin ondoren, hiru mila lagun inguru elkartu ziren atzo Baionan, Seaskak deitu manifestaldian. Desfileak herriko karrikak zeharkatu zituen, presidente frantsesari eta haren gobernukideei ikastolentzat «lege corpus» bat sortzeko eskaera eginez. Suprefeturara iristerakoan, CRS poliziek bidea trabatu zieten, eta Paxkal Indok Gobernuari zuzendutako gutuna irakurri zuen bertan.

p021_f02_147x120.jpg

Ainize BUTRON |

«Lege bat ikastolentzat!» eskaera handizki zabaldu zuten Seaskako ordezkariek eta Ipar Euskal Herriko ikastoletako guraso eta umeek atzo Baionako karriketan. Familia gisa elkartu ziren guztiak Santa Gurutze auzoko Gaskoinen plazan arratsaldeko hirurak aldera.

Itxirik zegoen lekuko Alderdi Sozialistaren egoitzaren aitzinean, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak hartu zuen hitza, atzoko protestaldiaren mezua argia zela errateko. «Behar dugu lege bat Seaskarentzat, baita okzitaniarren kalandreta, katalanen bressola, alsaziarren ABCM eta bretoien diwan eskolentzat. Denon artean lortuko dugu», nabarmendu zuen lehendakariak, mezua Baionako suprefetari, lekuko parlamentari eta diputatuei, bai eta Gobernu sozialistari zuzendua zela erranda.

Paxkal Indok, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko buruak, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak eta Ipar Euskal Herriko Ikastola ezberdinetako lehendakariek abiatu zuten martxa, «Lege bat ikastolentzat» lema zeraman pankarta zeramatela. Lau egun eskas izan ditu Seaskak manifestaldia antolatzeko, joan den ekainaren 14an suprefetak Hendaiako Udalak ikastola berria eraikitzeko hartu erabakiaren aurka egin ondotik. Hala eta guztiz ere, Baionako karriketan hiru mila lagun inguru biltzea lortu zuen Seaskak, eta Gaskoinen plazaren itzuli bat eginez desfilea abiatu ondoren, karrikak zeharkatu zituzten «ikastola, herri eskola» eta «lege bat euskararentzat» aldarrikapenak luzatuz.

Tentsioa Suprefeturan

Manifestaldia aurrera zioala zenbait ustekabe gertatu ziren. Lehenik, udaletxerako bidean, bertan zeuden milaka lagunak, Santespirituko zubiaren erdian oren laurden batez jarririk protesta egin zuten. Ekintza horren bidez, gurasoek eta umeek Baiona guztiz trabatzea lortu zuten.

Suprefeturara iristerakoan, berriz, tentsioa piztu zen. Umeak desfilearen aurrean zeudela, furgoiekin eta hesi beltz luzeekin, CRS polizia taldeak barrikada jarria zuten manifestaldiari suprefeturaraino iristea galarazi nahian.

Protesta oihu eta txistuak egin zituzten manifestariek, eta Seaskako ordezkariek CRSen hesia gainditu nahian zirrikituren baten bila ibili ondoren, Paxkal Indok François Hollande frantses presidenteari, Jean-Marc Ayrault lehen ministroari, Manuel Valls Barne ministroari, Luc Peillon Hezkuntza ministroari, Kultura ministroari eta parlamentariei zuzendutako gutuna irakurri zuen.

Ikastolen ibilbidea oroitzeaz gain, gutunean suprefetak «politika linguistikoan» Hendaiari buruzko erabakiak «sor ditzakeen arazoak neurtu gabe, azken 44 urteotan indarrean den ohitura bat baztertzea» erabaki duela gogorarazi zien Indok.

Frantses presidenteari eta ministroei zuzendutako gutunean, egoera berri horri aterabide bat atzeman beharra dutela ohartarazi zien. Eta, horretarako, hizkuntza gutxituentzat, murgiltze eredua indarrean duten eskola ezberdinen «lan berezia ezagutu» behar dela erran zien. «Ezagupen hori irakaskuntza sustatuko lukeen lege corpus bat sortuz lortuko genuke», aldarrikatu zuen Indok.

Bestalde, François Hollandi «hitza hitz» erranaldia zuzendu zion. Horrekin Indok frantses presidenteak hauteskunde kanpainan hizkuntza gutxituen karta izenpetuko zuela hitzeman zuela oroitarazi zion.

Gutuna bertan zirenen artean banatu zen, eta, Suprefeturara hurbiltzeko aukerarik ez zutenez, umeek eta gurasoek CRSei ehunka paperezko hegazkin jaurti zizkieten.

Gutuna hegazkinez

Atzoko manifestaldirako Seaskak ez zion hitzordurik eskatu suprefetari. Horrenbestez, frantses ministroei eta presidenteari zuzendutako gutuna «hegazkinez» bidaltzea erabaki zutela erran zuen Indok ironiaz.

Salaberri

Battitte Salaberri Hendaiako auzapezak parte hartu zuen atzoko manifestaldian. Parlamentarien aldetik deus mugituko ez balitz, Seaskarekin batera, «bururaino joateko prest» daudela azpimarratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo