Oinatz BENGOETXEA | Asegarceko pilotaria
Biak sufritzea ohore bat izaten ari da
Aimar eta Juan, Juan eta Aimar, azken urteetan biak sufritu behar izan ditut buruz buru, azken aldiz Lau eta Erdiko finalean eta Buruz Buruko honen finalerdian, eta emaitzak onegiak izan ez diren arren, ohore bat izan dela esan behar dut, oso pozik nago beraiekin lehiatzen nabilelako. Gaur egungo onenak direla behin eta berriz erakutsi dute. Egin dezatela partida bikain bat eta hobekien jokatzen duenak irabaz dezala.
Finala, beti bezala, oso berdindua ikusten dut. Finaletan pronostikoak egitea oso zaila izaten da. Finalera heltzen diren biak zerbaitegatik iristen dira txapela eskuratzeko lehia horretara, eta bi hauek tartean izanda, are eta zailagoa dela esango nuke pronostiko hori, batean batak irabazten duelako eta bestean besteak. Busti behar izanez gero, oraintxe bertan, une honetan, Juan hobetoxeago ikusten dut, oso-oso indartsu ikusten dut eta hortxe joan daiteke finala, pilotari asko eman eta duen indar hori guztia erabiltzeko gai izaten bada...
Baina parean Aimar Olaizola dago eta badakigu nolako pilotaria den. Irujo oso indartsu dago eta Aimar Olaizola alderik alde dantzan ibiltzea komeni zaio, ez dadila Goizuetakoa sekula kantxan eroso sentitu; hala dagoenean ia ezinezkoa da hari irabaztea eta. Badirudi aukeraketan ez zela materialarekin arazorik izan eta izan daitezela pilotariak protagonista.