Josu Jimenez Maia | Idazlea
Iruñeko perla faltsua
Historia garaileek idazten dutela ikasi dugu. Hurbileko adibide bat ematearren, Ernest Hemingway Nobel saridunaren «historia» ofiziala, sanferminen atarikoan gauden honetan berriz sartuko -salduko- digutena. La Perla hotelekoek marketin amu gisa baliatzen dituzte idazlearen izena, ospea, itzala eta irudia, baina Hemingway ez zen egoten Hemingwayren gelan. Izan ere, Ernest Hemingway bakarrik behin egon zen La Perla hotelean: 1923ko uztailaren 6an, Hemingway eta Hadley emaztea Gaztelu plazara heldu ziren su-politen orduan, eta aldez aurretik gela bat La Perlan erreserbatuta zutenez, bertara joan ziren, baina gela gustatu ez eta handik joan egin ziren. Hemingwayk ez zuen, beraz, sekula lo egin La Perla hoteleko Hemingway gelan.
Izan ere, Hemingway Iruñera etortzen zenean, beste hotel batera, Quintana hotelera, joaten zen. Quintana hoteleko jabea, Juanito Quintana, errepublikazalea zen, eta legezko errepublikaren aurka militar espainolak matxinatu zirenean, hotela kendu zioten garaileek: gaur egun Txoko dagoen eraikinaren gainean zegoen Quintana hotela. Nolanahi, gerora ere Juanito Quintana eta Hemingway lagun minak izan ziren, batere gorria ez zen Jose Maria Iribarrenen «Hemingway y los Sanfermines» liburuan zehatz azaltzen den gisan.
Ez da egia, beraz, Ernest Hemingwayren ostaturik maiteena La Perla zenik, hotel horren webgunean agertzen den gisara, Quintana hotelera joaten baitzen Iruñera etortzen zenean; izan ere, «Fiesta-The sun also rises» liburuan agertzen den Montoya pertsonaia Juanito Quintanaren alter egoa da.
Baina Historia -letra larriz- garaileek idazten dutenez, Hemingwayren ospea familia falangista batek lapurtu zuen, Moreno familiak, La Perla hoteleko jabeak. La Perla hotelaren historia mito-historia da, perla faltsu bat bezain faltsua.