Beñi Agirre | Euskara irakaslea
Independentzia berriz ere
Ñabardura da, baina ez garrantzi gutxikoa, «berriz» horrek gu lehen ere independenteak izan garela adierazten baitu. Eta nortzuk dira «gu» subjektu politikoa? Labur eta argi esanda: hala nahi duten guztiez gain, lehen ere izan garenak.
Konkistek ez dute izate politikoa ezabatzen, are gehiago, subjektutasunak ez du preskribitzen. Nafarroa konkistatua izan zen. Bureba inbadituz hasi ziren gaztelarrak, gero itsasaldeko Nafarroa menderatu zuten eta 1512an Iruñean sartu ziren.
Nafar lurralde horiek guztiek ez zuten euren borondatez bat egin Gaztelarekin. Bortxaz konkistatuak izan ziren; ez, ordea, erresistentziarik gabe. Noaingo batailan Gaztela eta Nafarroa, bi estatu subirano, aurrez aurre jarri ziren. Nafarroaren aldeko 5.000 lagunek galdu zuten bizia. Gaztelak irabazi zuen. Horregatik dakigu nafarrok gaztelaniaz.