GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

EHZ jaialdia, aitzindaria baino gehiago

Bi egun barru hasiko da Lekorneko (Lapurdi) Garroa gazteluan Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 18. edizioa, igandera arte iraungo duena. Jaialdi horrek udako kontzertuen hasiera seinalatzen du, baina ez da horretan soilik lehena, bere gisako jaialdi handien aitzindari ere bai baita. Eta musika jaialdia baino gehiago da: erabateko ikuskizuna. Hamazazpi urtez Euskal Herriko eta nazioarteko musikari andanaren kantuak ez ezik, beste hamaika ikuskizun ere eskaini izan ditu: antzerkia, dantza, zirkua... eta aurten, gainera, edonork parte hartzeko moduko jarduerak ere antolatu dituzte, Sorgin programaren bitartez.

Bistan da EHZ jaialdiaren helburua ez dela -hori ere baden arren- denbora-pasa hutsa izatea: batez ere, euskara eta euskal kultura sustatzea, «sistemaren alternatibak bilatzea, sorkuntza bultzatzea, lurra zaintzea»... da; balio jakin batzuk bultzatzea, alegia; esate baterako, elkarlana, eta horren adibiderik nabarmenena jaialdia prestatzeko lan izugarrian ari diren 700 boluntarioak dira.

Giro ezin hobean, askotariko musiken doinuan, arte erakustaldiz inguraturik, ikasi, hausnartu, sormena landu eta ondo pasatzeko aukera paregabea da EHZ. Horrenbestez, antolatzaileei, parte-hartzaileei eta hara agertuko diren guztiei, EHZorionak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo